euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Dieguez soinujole irundarrak Kalifornian bira hasiko du igandean Santa Barbaran

2013/09/06

Iñaki Dieguez soinujoleak fandangoa eta bossa nova uztartu ditu, besteak beste, "Birak" diskoan (argazkia Ondikol)
Iñaki Dieguez soinujoleak fandangoa eta bossa nova uztartu ditu, besteak beste, "Birak" diskoan (argazkia Ondikol)

PUBLIZITATEA

Hiru kontzertu emango ditu AEBetan Iñaki Dieguez soinujoleak datozen asteetan, Kalifornian barrena egingo duen biraren baitan. Bertan aurkeztuko du hiru urtez "Cirque de Soleil" ikuskizunean lanean zebilela sortu zuen "Birak" lana. Lehen emanaldia igandean izango da, Santa Barbaran. Gero Chinon eta San Frantziskon ere joko du. Chinoko Euskal Etxeko kontzertua berezia izango da; elkarteko kideak euskal kanta zaharrak abesten jartzea baitu helburu, Benito Zubeldia kantari ziburuarrarekin batera.

Irun, Gipuzkoa. Estatu Batuekin eta bertako euskal Diasporarekin harreman estua du Iñaki Dieguez musikari irundarrak. "Hein batean han grabatu nuen "Birak" diskoa eta han aurkeztuko dut orain", esan dio soinujoleak EuskalKultura.com-i.

Hiru urtez "Cirque du Soleil" konpainiarekin munduan zehar tourrean ibili zen Dieguez eta bertan bizitakoak ekarri zituen diskora: "New York edo Torontoko kasua, Korearekiko kultura ezberdintasuna, Yosemiteko Redwood basoak, euskal diaspora Kalifornian...", horiek guztiek arrastoa utzi dute lan horretan.

Dieguez Kalifornian izan zen bizitzen eta Estatu Batuetako eta Brasilgo musikarien ekarpenekin osatu zuen lana. Emaitza, zinez berezia da; fandangoa eta bossa nova uztartzen dituena. "Diskoak harrera oso ona izan du eta hainbat jaialdi eta herrialdetatik deitu didate jotzeko", esan du Dieguezek.

Ameriketara

Orain, berriz ere Ameriketarako bidean da, Kalifornian bi asteko bira egiteko. Igandean bertan kontzertua emango du Kaliforniako Santa Barbara hirian, bertako Santa Barbara's Accordion Club delakoak gonbidatuta. Emanaldia Trinity Lutheran Church delakoan eskainiko du. Aurretik hiriko bi taldek joko dute. 




Chino eta San Frantzisko

Ondoren, astebeteko tartea hartuko du musikariak, Kalifornian barrena bidaiatzeko eta lagunak bisitatzeko. Irailaren 13an, ostiralean, Chinoko Euskal Etxean kontzertua emango du Ziburuko Benito Zubeldia kantariarekin. "Lehen partean diskoko kantuak joko ditut, eta bigarrenean gauza berezi bat egingo dugu Benitorekin. Kantu Zaharrak deitu diogu eta Euskal Herriko abesti herrikoiak joko ditugu, Chinoko lagunak kantuan jartzeko asmoz", iragarri du.

Bira amaitzeko, igandean San Frantziskon joko du, hango Accordion Club-ek gonbidatuta. Santa Barbaratik Chinora bitarteko aste horretan agian Bakersfield-en emanaldiren bat antolatzekotan da Dieguez, baina oraindik zehaztu gabe dago kontzertua.

Era berean, Kaliforniako beste euskal etxeren batek emanaldiren bat antolatu nahiko balu, horretarako prest agertu da bera. Musikariarekin harremanetan jartzeko, jo bere webgunera edo bidali e-maila hona.

 
 
 


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia