Joseba Etxarri. Deustuko Unibertsitatean Historia ikasia, euskal ikasketetan eta dokumentazio teknikaritzan egin zituen graduondokoak, Eusko Ikaskuntzan eta honen barruko Euskomedian lan eginez. Familia aldetik bi izeba bizi izan zitzaizkion Ipar Ameriketan, baina honakoa du gehienbat lehenengo harremana Estatu Batuekin eta baita Diasporarekin ere, murgiltzerainoko harremana, Euskal Herritik kanpo erreferentzia baitira Renoko Ikasketa Zentroa eta Liburutegia euskal gaietan, bereziki nazioarteko publikoari eta ingelesez mintzo den mundu akademikoari begira. Aste honetan bertan hiru hilabete bete berri dituela lanean Liburutegian harrapatu dugu Iñaki Arrieta.
Ilusioz ikusten zaitut. Pertsonalki eta profesionalki ere erronka bati ekin diozula esango nuke.
-Ia ia lurra hartzen ari naiz oraindik, baina daramadan denboran ilusio handiz eta oso gustura nabil lanean. Egia da guztia ezberdina dela hemen, baina hori ere erakargarria suertatzen zait. Hiria bera koloretsua da, badu kontra autoa erabili behar izatea edozein lekura joateko, baina inguruan, natura aldetik, mendiak eta paraje ederrak dauzka, ikaragarriak esango nuke. Lan aldetik, ohitzen ari naiz oraindik hemen funtzionatzeko dagoen modura, baina oso ondo hartu naute eta lan giroa ere oso atsegina da. Familia gisa ere gustura gaude: Eli (Etxetxikia) emaztearekin eta hiru urteko alabarekin, Elaiarekin, etorri naiz. Alaba haur eskolara hasia da eta ikasten ari da dagoeneko bere lehenengo abestiak ingelesez. Gogorragoa egin zaigu hasi aurreko estresa, ondo egokituko al ginen ez jakitea, bizitzeko etxea topatzea-eta, gero etorri dena baino. Hemen dena izan dira erraztasunak.
Aurkez iezaguzu "Basque Librarian" (euskal liburuzaina) zaituen liburutegia.
-Aurkezteko, askotan esaten da, hala baita, Euskal Herritik kanpo euskal gaietan dagoen liburutegirik garrantzitsuena dela mundu mailan eta arreta berezia jartzen diola Diasporari. Liburutegiak aldatu berria du izena, azaro hasieran Jon Bilbao izena ipini baitiote aurretik, sortzaileetakoa izan zuen Jon Bilbao Azkarretaren (Cayey, Puerto Rico, 1914 - Vitoria-Gasteiz, EH, 1994) ohorez. Jon Bilbao Basque Library, beraz, erreferentzia da mundu mailan euskal gaiez kontsultak egiteko garaian. 33.000 liburuki inguru ditu, eta artxibo zabala, eta milaka asko dokumentu, poster, argazki, bideo, multimedia materiala eta abar. Gure helburu nagusia unibertsitate bertako ikasle, irakasle eta ikertzaileei zerbitzua ematea da, baina baita ere AEBetakoei eta euskal diasporari. Izan ere, memoria instituzio bat bilakatu nahi dugu euskal diasporarentzat, lankide arituz Euskal Herriko erakundeekin, bai akademikoekin zein administratiboekin. Euskal kulturaren lehio lana egin dezakegu munduari begira, bitartekari eta aurkezle izanez bereziki ingelesez funtzionatzen duen munduaren aurrean.
Zer topa dezake, esaterako, euskal ikertzaile batek Renoko Liburutegian, Euskal Herrian topatuko ez duena?
-Giroa eta lasaitasuna bururatzen zait lehenengo eta behin. Hemen ikerketarako giro egokia dago, eta azpiegitura, aukera eta erraztasunak, bai bertan dagoen materiala erabiltzeko orduan, baina baita ere, euskal gaietan eta bestela, liburutegi nagusiaren edukiak edota gurekin sarean dauden beste unibertsitate, zentro eta bildumetan dagoena ere erabiltzerako. Horrez gain, Euskal Herritik datozen ikasle eta ikertzaileek, hango bestelako lanak utzita etorri ohi dira, beraz hemen buru-belarri euren gaietan murgiltzeko aukera daukate, aipatu dizudan aldeko giro eta baldintza horiek lagunduta. Gure erronka orain, saretze hori areagotzea da, zubilanak sortu edota areagotzea unibertsitate barruan eta beste liburutegiekin Estatu Batu barru zein kanpoan, Diasporakoekin eta Euskal Herrikoekin ere. Datorren astean bertan Boisera noa hango Euskal Museoko eta BSU Unibertsitateko arduradunekin egoteko.
Nolakoak dira zuen erabiltzaileak?
-Batetik bertakoak ditugu, fisikoki lanean bertan ditugunak, eta bestetik sarearen bidez, posta elektronikoz edota beste edozein bitartekoz kontsultak egiten dizkigutenak. Lehenengoak guztiak ikertzaileak dira, bai hemengoak edo Euskal Herritik edo beste nonbaiteko unibertsitateren batetik etorriak, edozein arloko gairen bat lantzen ari direnak, historia, antropologia, artea... Gero baditugu kanpotik datozkigun kontsultak, tartean Diasporatik, Euskal Herriari buruz, genealogiari buruz... Gaur bertan jaso dudan azkena, esaterako, Gernikako Arbolaren izaera sinbolikoari buruzko bibliografia eskatuz izan da, eta oker ez banago Herbeheretatik etorri da.
Renok partaidetza izango du gaur hasiko den Durangoko Azokaren edizio berrian.
-Durangora joanak dira Euskal Ikasketa Zentroko argitalpenburu den Daniel Montero eta William Douglass bera. Gainera, aurten Joseba Zulaikak jaso duenez Euskadi Saria motibu gehiagoz behar dugu egon, sari horri txispak ateratzearren.