Concordia, Argentina. Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxeak bat egin zuen eta partaide aktibo izan da Concordia festeja las colectividades (Concordiak gizataldeak ospagai) izenpean uztailaren 23an, igandea, Uruguay ibaiaren ertzeko hiri honetan egindako egun osoko kultur ekitaldian, Udaleko Kultura Zuzendaritza eta Concordiako Immigrante Batuen Elkartea antolatzaile. Ekimena irailean ospatuko den Immigrantearen 30. Festa Probintzialaren ataritzat jo daiteke eta arrakastatsua gainera, jende ugari bildu baitzuen.
Jaialdiak Bigarren Mendeurreneko Oinezkoen Gunea (Peatonal del Bicentenarion, 25 de Mayo Plazan) izan zuen gertaleku eta eguerditik iluntzeraino luzatu zen. “Esperientzia oso ona izan da. Azpimarratzekoa, oraingo honetan, Ibaiko Izarran sartu berria den dantzari multzo bat izan genuela lanean eta, hala izan arren, sukaldean ere ausartu eta ederki moldatu zirela. Arrakasta biribila izan zen”, kontatzen dio pozez EuskalKultura.eus-i, Euskal Etxeko lehendakari Milagros Castañedak.
Gazte dantzari motibatuak, Necochea helburu
Ibaiko Izarrak muntatu zuen txosnan euskal kutixiak, tartean pintxoak eta euskal pastela, zerbitzatu ziren. Jaki eta produktu tipikoak zerbitzatzeaz gain, bertaratu zirenek euskal dantza tradizional emanaldiak ere dastatu ahal izan zituzten, eta, jauziak dantzatzeko orduan, han publiko gisa zegoen bat baino gehiagok pausoa aurrera eman eta bat egin zuen dantzari gazteekin dantza biribiletan, ilusioa eta bozkarioa nagusi, dantzarien kasuan begirada, motibazioa eta planak Necocheako Euskal Aste Nazionalean ipinita.