euskal diaspora eta kultura
2013/09/06
PUBLIZITATEA
Comodoro Rivadavia, Argentina. Hiriko Kanpoko Komunitateen Federazioak antolaturik, irailaren 4an eman zaio hasiera 2013ko Immigrantearen Eguneko ospakizunen programari. Irekitze ekitaldia Teatro Español delako antzokian gauzatu zen eta hiriko kolektibitate guztiak egon dira ordezkatuta euren banderekin.
Aurtengo edizioan, inaugurazioaren helburua omenaldi bat egitea izan zen; kari horretara, duela gutxienez 30 urte argentinaratutako 18 lagunek Federazioak emandako saria jaso zuten. “Gailendu nahi izan ditugu gure herrialdearen edota eskualdearen handitasunaren alde lan egin dutelako”, azaldu diote antolatzaileek EuskalKultura.com-i. Euskal Herritik etorritako etorkinen artean, Antonio Baztan izan zen saritzeko hautatua. Nafarroako arbasoak dituen Antonio Baztan 1956. urtean sartu zen Comodoro Rivadaviako euskal etxean, erakundeko lehenengo dantza taldeko kide izan zen eta gaur egun Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria da. Zoritxarrez eta osasun arazoak direla eta Baztan ezin izan zen antzokira bertaratu saria eskuratzera. Hala ere, euskal gizataldea bertan izan zen, Euskal Herriko hizkuntza eta irudiak ikur eskainiz.
Ekintza banderak sartzearekin hasi zen. Horren ostean ‘Mi Bandera’ martxa eta Argentinako Ereserkia abestu zituen Kanpoko Komunitateen Federazioaren Abesbatzak. Jarraitzeko, kolektibitate bakoitzaren testu esanguratsu bat irakurri zen. Euskaldunen txandan, Gabriel Arestiren ‘Nire Aitaren Etxea’ irakurri zen euskaraz eta gaztelaniaz, Euskal Herriko argazkiak proiektatzen ziren bitartean. Zeremonia bukatzeko, Nuevo Comodoroko Fundazioko Ganbera Taldeak pieza batzuk jo zituen.
Kultur Erakusketa
Programako datozen ekintzei dagokienez, Euskal Echea elkartetik jakinarazi digute iragarritako Kultur Erakusketa irailaren 15a arte luzatuko dela hiriko Azoka Lekuan. Bertan hamar banner jarriko dira ikusgai kolektibitate bakoitzari buruzko informazio, argazki eta testuekin. Horretaz gain kristalezko erakustegietan hirian presentzia duten komunitateen jatorrizko hizkuntzan dauden argitalpen batzuk erakutsiko dira.
Festak bihar jarraituko du Gaueko Dantza Emanaldiarekin. 2013ko edizio honetarako Comodoro Rivadavia-ko ‘Haize Dantzariak’ euskal dantza taldeak bi fandango prestatu ditu. Igandean, berriz, txiki eta ertainak igoko dira tauletara ‘Makil Dantza’ eta ‘Akelarre’ dantzatzeko. Datorren asteburuan, azkenik, dantza ikuskizunez gain, Sukaldaritza Azoka egingo da egitarauaren baitan. Ohi bezala, euskal stand-ean, Euskal Echea-ko sukaldariek euren betiko pintxoak eta sagar tarta eskainiko dizkiote publikoari.
ZORIONAK Kasedastarrari,langile porrokatua eta euskaltzale nafarrari. Besarkada bat Iparraldetik.
Noël, 2013/09/06 12:39
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus