Buenos Aires, Argentina. Irailean, Argentinan, omenaldia eta gomuta berezia eskaintzen zaie etorkinei, ekitaldi instituzional, artistiko eta kulturalekin. Urtero, gizataldeen elkarte eta erakundeak gastronomia, artisautza, musika eta dantza tipikoak uztartzen dituzten jaialdietara biltzen dira eta, edizio bakoitzerako, jantziak berritzen dituzte, dantza berriren bat entseatzen dute, plater tradizional berri batekin ausartzen dira edo euren standetan nobedaderen bat gehitzen dituzte. Hala egin ohi dute, besteak beste, euskal etxeek ere, hilabete osoan zehar, beren herri edota hirietan, Euskal Herriko kulturaren bertako errealitatearekiko ekarpena ikusarazi eta nabarmenduz. Artikulu honetara euskal partaidetza horietako hiru bildu ditugu, Comodoro Rivadavia, Tandil eta Buenos Aires Hirian antolatutakoak.
Comodoro Rivadaviako Euskal Echea
Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkartea partaide hiru eguneko 37. Komunitate Atzerritarren Jaian
Irailaren 1ean, igandean, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea Elkarteak parte hartu zuen urtero bezala Laprida auzoan egindako Immigrante Egunaren desfilean, 37. Komunitate Atzerritarren Jaiaren atarian. Ostiral, larunbat eta igandez, irailaren 13tik 15era, bertako Azokagunean egin zen ekitaldiak 15.000 pertsona inguru bildu zituen. Hilabete luzeetako entseguen ondoren, Euskal Echea-ko dantzari taldeak, helduena eta haurrena, oholtzara igo ziren, egunero dantza ezberdin bat erakusteko. Ostiralean, Iruñeko Ezpata dantzan oinarritutako konposizio koreografiko batekin luzitu ziren helduak. Larunbat eta igandean, bai haur txikien taldeak, Makil dantzarekin, bai ertainenak, Xemeingo ezpata dantza eta Arin arinarekin, zein helduek, Fandangoarekin, euren esfortzu eta konpromisoaren fruitua erakutsi zuten. Eskaintza gastronomikoari dagokionez, Euskal Etxeak pintxoak, txistorrak, paella eta piperada, baita goxua, gazta tarta eta euskal pastela ere eskaini zituen.
Tandilgo Gure Etxea
Tandilgo Gure Echea 2024ko 34. Gizataldeen Azokan
Tandilen, azken asteburu honetan, irailaren 21 eta 22an, hartu zuen parte Gure Etxeak Gizataldeen 34. Festan, bertako Gizataldeen Batasuna antolatzaile, Unibertsitateko Kultur Etxean. Saloi bete batek ozen txalotu zuen nagusien dantza taldeko zuzendari Sara Urbietak aurkeztutako marinel estanpa ikusgarria, euskal etxeko 53 kide partaide. Dantzari helduak eta haurrak, Barbara Azpiriz eta Mariana Juezen eskutik, pilotariak eta muslariak, arrantzaleen papera hartuta, haurren amak, sare-ehuleena, eta 26 danbor eta upeleko danborrada bat lagun, Joaquín García Iacovella zuzendari, izan ziren euskal komunitatearen ordezkari, milaka ikusleren aurrean. Horretaz gain, Gure Etxea-ko sukaldari taldeak euskal menu tradizional bat eskaini zuen stand gastronomikoan.
Buenos Airesen, Euskaltzaleak eta Laurak Bat Gizataldeen Jaialdian partaide
Buenos Airesen Laurak Bat eta Euskaltzaleak
Bi aste lehenago eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan ondoren, azkenean irailaren 15ean egin zen Gizataldeen Jaialdia Buenos Aires hiriko Maiatzaren Etorbidean, hiriko gobernua antolatzaile. Bertan izan ziren, euskal komunitatearen ordezkari gisa, Euskaltzaleak eta Laurak Bat euskal etxeak, dantza, sukaldaritza, zeramika eta oroigarri standarekin. Agertoki nagusian, Euskaltzaleak-eko taldeak Azkaindarrak dantzatu zuen, eta Tacuarí kalekoan, Laurak Bateko taldeak, Makil dantza eta Arku dantza. Euskal plater tradizionalak ere eskaini zituzten Laurak Bat Euskal Etxeko dantzari taldeko gazteek, eta, Euskaltzaleak-en eskutik, liburuak, nikiak, oroigarriak eta Zirimiriko zeramikak egon ziren salgai standean.