Mota askotako ekintzak egin dira irailaren 2tik 8ra Chaco probintziako hiriburuan Immigrantearen Eguna ospatze aldera. Kotoiaren Lurra bertako euskal etxea ez da ospakizun hauetatik kanpo geratu eta euskal gizataldearen ordezkari izan zen 2 de Febrero Plazan antolatutako jaialdian eta baita probintziako legebiltzarrean egindako omenaldian ere. Zeremonia honetan diploma eman zioten, beste zenbait etorkinen artean, euskal etxeak proposatuta, Juan Iturrioz arkitektoari.
Resistencia, Argentina. Irailaren 4a da Immigrantearen Eguna Argentinan eta herrialde osoan zehar ospatzen da hainbat ekimen eta jairekin. Chaco probintziako hiriburuan, esaterako, Udaletxeak antolatutako astebeteko programa egin da aurten hiriko gizataldeak bildu eta herri ezberdinen kultur adierazpenak erakusteko asmoz.
Programa honen baitan, omenaldi bat egin die Chacoko Legebiltzarrak probintziako kolektibitateek proposatutako zenbait pertsonari. Euskal etxearen kasuan, arkitektura arloan jardunbide handia duen Juan Iturrioz jauna aurkeztu zuen instituzioak ordezkari giza. Universidad Nacional del Nordeste-ko irakasle ere aritu zen Iturriozek Luis Verdun legegilearen eskutik jaso zuen diploma irailaren 4an bertan burutu zen zeremonian. Ekintzak hamabost gizatalde batu zituen eta Udaleko Interesekoa izan zen izendatua, 2062/14 eta 2071/14 zenbakiko ebazpenekin.
Immigrantearen Eguna ospatzen jarraitzeko, jaialdi bat egin zen irailaren 6an hiriko 2 de Febrero parkean. Bertan euskal dantza erakusketa eskaini bildutako publiko ugariari Andrea Tamer Akademian trebatzen den Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko dantza taldeak. Egun osoko ekintzan, standak ere muntatu ziren plazan janari tipikoak eta oroigarriak erakutsi eta saltzeko.
Kotoiaren Lurra euskal etxeak jakinarazi du, bestalde, irailaren 4an Kukai dantza konpainiaren bisita jaso eta euren kale-ikuskizuna dastatu ahal izan zuela Resistenciako herriak 25 de Mayo Plazaren aurrean. Euren performancea bukatutakoan, eta bisita eta bildutako oihartzuna ospatzeko, euskal etxeko lagunekin afaldu zuten Errenteriako konpainiako dantzariek, senidetasun giro onean.