Irailaren 4tik eta hilaren bukaera arte ikusgai da Imanol Ordorika arkitekto euskal-mexikarrari buruzko erakusketa Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan. Ordorika Lekeition jaio zen baina Mexikora erbesteratu zen familiarekin zortzi urte zituenean. Mexikon ikasi zuen arkitektura baina, erakusketako arduradunek azpimarratzen dutenez, bere lanean bi herrialdeetako kulturak uztartzen dira. Bere eraikinak 36ko gerrako erbesteratuek Mexikoren hiri garapenean izan zuten eraginaren adibide bikaina dira.
Bilbao, Bizkaia. BIA (Bilbao Bizkaia Architecture) plataformak Bizkaiko arkitektura eta hirigintza arloa dinamizatzen dihardu eta asmo horrekin inauguratu zuen irailaren 4an Imanol Ordorika Bengoetxea arkitekto euskal-mexikarrari buruzko atzerabegirakoa. Erakusketak “Artearen etengabeko bilaketa” dauka izenburua eta Lekeition jaio baina Mexikon hazi eta trebatu zen arkitektoaren lanak herrialde hartan izan zuen eragina eta ekarpena aztertzen ditu.
Ordorikaren lanetan Europako eta Mexikoko estiloak uztartuta ikus daitezke, antolatzaileen esanetan, eta bere eraikinak erbesteratuek Mexikoko hirigintzan izan zuten eraginaren eta ekarpenaren eredu dira. Hain zuzen ere, Mexiko da hilabete honetan Bilbon egiten ari den BIA Urban Regeneration Forum topaketako herrialde gonbidatua.
Erakusketa hilaren 30a arte izango da ikusgai Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan.
Arkitektu eta eskultore
Imanol Ordorika Bengoetxea Lekeition jaio zen 1931an, eta zortzi urterekin Mexikora abiatu zen familiarekin batera errefuxiatu. Mexikoko Unibertsitate Autonomoko Arkitektura Eskolan ikasi zuen eta unibertsitatean bertan Arkitektura-Konposizioko irakasle izan zen, 1988an hil zen arte.
Bere estiloan kolore bizien erabilera da nagusi, baita ere metal, plastiko eta ehunen testuren arteko jokoa, matematikoki lortutako forma eta proportzioak eta baliabideen ekonomia. Ordorikak arkitektura diziplina-arteko jardueratzat jotzen zuen, eta eskultore gisa lortutako arrakastaren haritik, bere diseinuetan plastizitate eta adierazkortasun handia suma daitezke.
Ordorikaren lan nabarmenenetako batzuk: Hidalgo Estatuko Unibertsitate Autonomoa, Mazatlango El Cid hotela eta Iztacalcoko Infonavit Bizitoki-Unitatea.
Erakusketaren osagai gisa, hilaren 23an, hitzaldi bat eskainiko da bere lanaz Bizkaia Aretoan, 19:00etatik aurrera.