‘Euskarabentura’ 16 eta 17 urte bitarteko 120 gazte euskaldunek Euskal Herrian barrena egingo duten espedizio bat da. Partaideak hautatzeko egindako deialdia diasporan ere egin zuten antolatzaileek eta izena eman zuten lagunen artean Imanol Basterra argentinarra aukeratu zuten Hego Amerikako euskal diasporaren ordezkari. Imanol Basterra Viedma eta Carmen de Patagonesko Euskal Etxeko dantzari eta goi mailako euskara ikaslea da. Zorionak, Ima!
Viedma, Argentina. ‘Euskarabentura’ programan izena emateko lan bat aurkeztu behar izan zuten interesatuek honako gai hauetako bati buruz: ‘euskara eta herria’, ‘euskara eta itsasoa’ edo ‘euskara eta emakumea’. Imanol Basterrak ‘euskara eta emakumea’ aukeratu zuen eta bere ikuspuntu originalak eman zion pasea uztailean garatuko den ‘Euskarabentura’ programan parte hartzeko.
‘Euskarabentura’ Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena egingo den espedizio bat da. 120 gaztetxo euskaldunek egingo dute, haietako bi, diasporako –beste kidea Washingtong DCko Unai Fraeters da–. Bidaia uztailean izango da, Mauletik abiatuko da taldea uztailaren 1ean eta Getxora iritsiko uztailaren 31an. Oinez egingo dute eta Done Jakue bideak jarraituz. Egun bakoitzeko ekintza desberdinak burutuko dituzte, tartean museoak bisitatu, hitzaldiak entzun, tailerretan parte hartu, kirol txapelketak ikusi eta eztabaidak landu, batzuk aipatzearren.
Imanoli dagokionez, euskara eta euskal kultura maite duen eta nafar sustraiak dituen familia batean jaioa da. Txiki-txikitatik dabil Viedma-Carmen de Patagoneseko Aberri Etxeko aktibitate guztietan parte hartzen. Hori gutxi izango balitz, Imanol Euskal Etxeko euskara irakasle den Rocio Basterraren neba da --duela hilabete gutxi euskal etxeko lehendakari ere bada Rocio--, eta euskara da haien artean gehien erabiltzen duten hizkuntza.