Rio Tercero, Argentina. Pandemiak hainbat muga jartzen segitzen du gure eguneroko bizitzan, baina zorionez, artearen bidez murrizketak gaindi ditzakegu, eta irudimenari eraginez, esaterako, kantuak berritu, moldatu eta pentsatu gabeko konbinazioak emendatu, ausart jokatu eta egia bihurtu. ‘Rezo por Vos’ kanta horren froga argi bat da. Argentinan, bertako rockaren ikonoa den Charly Garciaren eta Luis Alberto Spinettaren abesti hori, orain euskal kutsuz jantzi digute, beherago ikus/entzun dezakezun emaitza harrigarri honekin.
Lehenengo aldiz 80. hamarkadan entzuten hasi zen kantuari hamaika bertsio egin izan zaizkio geroztik eta hemen dakarguna, pandero eta albokarako moldaketez, azkenetakoa da. Cordoba probintziako ‘CASA Musica’ proiektuak proposamena luzatu zion Gaspar Jaurena albokari argentinarrari, eta honek Iraide Ansorena panderojole tolosarra lagun grabatu du.
Grabaketak #etxeangeratu aholkuei jarraituz egin zuten musikariek, Argentinako Rio Terceron eta Euskal Herrian.
Fitxa osoa:
-Ahotsa eta gitarrak: Gabriel Tagliaferro
-Baxua: Mariano Fontanini
-Bateria: Agustín Bima
-Alboka: Gaspar Jaurena
-Panderoa: Iraide Ansorena
-Nahastea y masterizatzea: Alejandro Utello
["Musika tresnen konbinazia ederra da; emaitza bakarra eta errepikaezina da", adierazi dute artistek]