euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikusmin handia 'Buenos Airesek EH ospagai'ren 2022ko edizioaren aurrean, datorren astean hiriko Mayo Etorbidean

2022/09/01

2022k BACen afixa
2022k BACen afixa

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. 2020an edizio birtual bat eta 2021ean sinbolikoa egin ondoren, ohiko formatuarekin itzuliko da Buenos Aires Hiriak Euskal Herria omentzeko antolatzen duen festa handia. Hitzordua datorren asteko larunbatean, irailaren 10ean, izango da, 12:00etan, Mayo Etorbidean eta Chacabucon. Bertatik irtengo da inaugurazio desfilea. Delegazio guztiak, Argentinako banderaren eta ikurrinaren atzetik abiatuko dira Maiatzeko Plazarantz, agertoki nagusiraino. Han, aurresku batek eta Lagun Onak abesbatzaren ahotsek jaiaren hasiera markatuko dute eta bidea emango diote Donostiako Danborradari.

27 euskal etxe eta elkarte izango dira partaide, 21 dantza talderekin, beste hainbat euskal ekimen eta kultur adierazpen euskal-argentinarrekin batera

Argentinako 27 euskal etxek hartuko dute parte, horietatik 21ek euren dantza taldeekin. Publikoak agertokian aurkeztuko diren 35 dantza tradizionalez gozatzeko aukera izango du arratsaldean zehar. Baina ez da hori izango dantzaren leku bakarra festan, ‘Dantza plazan' izeneko jolas-gune bat ere ezarriko baitute, bertan erronda-dantzak irakatsiz. Kantak antzeko toki bat izango du eta ‘Kalean kantuz’-ek kantu herrikoiak abestera gonbidatuko ditu bisitariak.

Horiekin batera, txistulari talde batek, Lagun Onak abesbatzak eta, Euskal Herritik etorria, Xabi Aburruzaga trikitilari portugaletetarrak osatuko dute agertokia. Gogora dezagun Aburruzaga azkenekoz 2019an, pandemia aurreko azken Euskal Aste Nazionalean parte hartzera etorri zela, Bahian Blancara.

Umeek euren leku berezia izango dute ekitaldian eta Alejandra Oteiza eta Mailén Crudo Arzaren eskutik euskal ipuin bati buruzko antzezlan batean aritzeko aukera eskainiko zaie. Horrez gain, dantza parte-hartzaileak antolatu dituzte eurentzat propio, oraindik dantza mundua ezagutzen ez dutenek edota euskal etxe bateko talderen batean parte hartzen ez dutenek ere modu dibertigarrian dastatzeko manera izan dezaten.

Sukaldaritza klaseak ez dira faltako. Horretan arituko dira Itziar Aguirre, Rosariotik etorria, eta Leandro "Koko" Egozkue (Burzako jatetxekoa); Javier Ibaldo lapridatar tenorea ere bertaratuko da eta Laurak Bateko Franciso Oliveto ere partaide izango da. Ez dira faltako ezta ere San Nicolaseko Euzkal Etxeko lagunak, eta Buenos Aires Hiriko Laurak Bat eta Euskaltzaleak, eta zabala izango da hainbat txosnatan eskainiko diren gozamenak dastatzeko aukera.

Euren lekuaz bertaratuko dira Bilboko Athletic-en lagunartea, eta Mayo etorbideko postuetan informazio guneak ezarriko dituzte euskal kulturari buruz, egungo zein herri kirol tradizionalez, genealogiaz, bitxigintzaz, artisau-lanez, jantziez, liburuez, zeramikaz, paletaz, alpargatez, fianbreez, turismoaz eta askoz ere gai gehiagoz. Aurten, ordea, ez da bertan egongo Iparraldeko Euskal Etxea eta Euskal Baserrien erakusketa, euren ordezkari esanguratsuenetako bat, Juan Carlos Ibarrolari bihotzeko ebakuntza egin baitiote aste honetan. Laster onera egitea opa diogu.

Maila instituzionalean, euskararen dibulgazioa ardatza izango duen standa aurkeztuko du FEVAk. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gorka Alvarez Aranburu Kanpoko Euskal Komunitaterako zuzendaria bertaratuko da. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Iñaki Martinez de Virgala Lusarreta, Kanpoko Herritarrekiko Harremanetarako zuzendaria. Esparru politikotik, Andoni Ortuzar, Mireia Zarate eta Mikel Burzakok ordezkatuko dute alderdi jeltzalea, eta Jasone Agirre legebiltzarkideak EH BIldu.

Laster, sare sozialetan programa osoa aurkeztuko dute antolatzaileek
Ig:  @bac.paisvasco  / @centrolaurakbat
Fb: Buenos Aires celebra al País Vasco-Laurak Bat / Centro Laurak Bat

Parte hartuko duten euskal etxe eta taldeen zerrenda:

-Buenos Airesko Laurak Bat
-La Platako Euzko Etxea
-Chascomuseko Zingirako Euskaldunak
-Cañuelasko Denak Bat
-Chivilcoyko Beti Aurrera
-Chacabucoko Guillermo Larregui
-Pergaminoko Lagun Onak
-Rosarioko Zazpirak Bat
-Maipuko Anaitasuna
-Buenos Airesko Oihankide Taldea
-Jose C. Pazeko Toki Eder
-Bahia Blancako Union Vasca
-Tandilgo Gure Etxea
-San Nicolaseko Euzkal Etxea
-Buenos Airesko Nafar Etxea
-General Rodriguezeko Eusko Aterpea
-Roldaneko Euskel Biotza
-Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat
-Buenos Airesko Euskaltzaleak
-Lanuseko Eusko Etxea Euskal Herria
-Euskal Echea Ikastetxea
-Mar del Platako Denak Bat
-Necocheako Euzko Etxea
-Lomas de Zamorako Denak Bat
-Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxea
-Villa Maríako Euzko etxea
-Las Floreseko Loretako Euskaldunak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia