euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikuskizun-afari batekin ospatuko du etzi Macachingo 'Euzko Alkartasuna' berrirekitzearen I. urtemuga

2013/04/18

Macachingo Euzko Alkartasuna Hotel berritua (argazkiaEAH)
Macachingo Euzko Alkartasuna Hotel berritua (argazkiaEAH)

PUBLIZITATEA

Iazko Pazko asteburuan ireki zituen berriro ateak Macachingo 'Euzko Alkartasuna' hotelak, zaharberritze prozesu luze baten ostean. Erronka ez zen erraza izan baina euskal-argentinar jabegoaren eta Oscar Prosperi kontseziodun berriaren lan eta engaiamenduari esker aurrera irten da hotela eta gaur egun goi mailako aukera bihurtu da La Pampa probintziako Macachinen geldialdi bat egin nahi edo behar dutenentzat. Kudeaketa berriaren lehenengo urteurrena ospatzeko afaria egingo da ‘Euzko Alkartasunean’ atzi larunbata, apirilaren 20an.

Macachin, Argentina. 15 hilabeteko obra egin behar izan zen Macachingo ‘Euzko Alkartasuna’ hotelean enpresa berriro martxan jarri ahal izateko. Gogora dezagun herriko euskal etxearen egoitza ere baden hotel hau ixtear egon zela duela hiru urte orduko kontseziodunak ihes egin zuenean langileak eta lekua abandonatuta. Gaurko egoera ezberdina da erabat eta hotel berrituak kalitate handiko 36 logela eta goi mailako zerbitzuak eskaintzen dizkie Macachinera heltzen diren bidaiariei.

“Sailkapen makroa egiten badugu hiru motatako bisitari ditugula esan dezakegu", edierazi dio EuskalKultura.com-i, jabego euskal-argentinarraren posturari segituz bertako kudeatzaile berria den Oscar Prosperi-k. "Alde batetik, saltzaileak daude. Kokapen geografikoa dela eta, Macachin hamarka herriz inguratuta dago. Beraz, enpresa handietako saltzaileek hemen hartzen dute ostatua eta hemendik abiatzen dira gainerako herrietara euren produktuak eskaintzera. Beste alde batetik, proposamen korporatiboa dugu. Herrian lantegi eta nekazaritzako elkarte asko daude eta haiek gure hotela aukeratu dute denboraldi baterako etortzen zaizkien enplegatu, buruzagi edo ordezkarientzat. Kasu hauetan, tarifa korporatiboak dauzkagu, egoera bakoitzaren araberakoak. Azken bisitari mota turista da. Jakina denez, Macachin Buenos Airesetik Patagoniarako bidean dago eta jende askok hemen egiten du gaueko egonaldia. Normalean, turista hauek uda edo neguko oporretan etortzen dira baina, horiekin batera, Pampan euren bigarren etxea dutenak ere badatozkigu eta hauek urte osoan zehar egiten dute bidaia ”.

Hotelak eskaintzen dituen zerbitzuak

“Ostalaritza zerbitzuaz gain enpresa-ekitaldiak –bazkari, afari, bilerak– ere antolatzen ditugu gure jatetxean. Hauek kontsumitzailearen gustura egiten dira eta honelakoei dagokien azpiegitura aproposa sakin dezakegu. Zerbitzu honek mugimendu biziagoa ematen dio jatetxeari eta aldi berean jendea hotela ezagutzera erakartzen du”.

Macachingo Euzko Alkartasuna Hotela 2013 01

[Euzko Alkartasuna Hoteleko Jatetxea.Ikus Euskal Herriko mapa, euskal eta argentinar banderak eta apainduretako euskal detaileak nonahi (argazkiaEAH)]

Oro har, esan beharra dago Macachingo euskal hotelaren instalazioak berritu badira ere, bere muina eta izaera, bihotza, ez dela batere aldatu. Euskal kulturarekin zeuzkan loturak mantentzen ditu, eta hein batean hotela bera bere euskaltasunari keinuka ari zaion euskal erakuslehio handi bat da eta sorreratik Macachingo gizatalde euskaldunaren egoitza izan bada, gaur egun ere hala segitzen duela. Argentina osoan ‘Hotel Vasco’ izenpean ezagutzen izan da eta euskal etxeetako bisitariak ere jasotzen segiru du aro berriko lehenengo urte honetan:

“Bisita ofizialak ez badira ere --eta honekin esan nahi dut etorri den jendea ez dela aurkeztu euskal etxeko ordezkari gisa--, egia da bidaiarietako batzuk euskal etxe batekoak edo bestekoak zirela aipatu izan dutela eta, beraz, euren leku naturalera zetozela, nolabait esatearren. Gogoan datozkit La Plata, Rosario eta Bahia Blancakoak zirela esan zuten batzuen kasuak. Euskal kolektibitatearentzat dugun erakarpenetako bat --euskal etxea izateaz aparte-- eskuragai daukagun autogestioko terminal elektronikoa da. Bertan euskal abizenen jatorriari buruzko informazioa, euskal musika eta Euskal Herriko irudiak ere aurki daitezke”.

Etorkizunari begira

Urtebete pasatu da hotelak bere lekua berreskuratu zuenetik eta, Prosperik aitortzen duenez, epe honetako balantzea ezin hobea da. Hala ere, gestio txarreko urteak asko izan ziren eta irudia lehengoratu eta hobetzeak bere denbora hartzen du. "Baina oso pozik gaude honaino egindako bidearekin". "Hilabetetik hilabetera eskaeren kopurua handitzen doa, baina jakitun gara epe luzerako proiektua dela; hotela oso ospetsua izan zen Argentina osoan, baina bere gainbeheraren berri ere asko zabaldu zen. Ahoz aho hedatu zen fama horren ondorioz turistek utzi zioten etortzeari eta, adibidez, Patagoniarako bidaian, beste herri batzuetan hasi ziren geratzen gaua pasatzera. Momentu honetan guri datorkigu hotelaren izen ona guztien ahoan berriro jartzea eta poliki ari gara lan horretan".

“Lana dugu oraindik egiteke, baina bidea hartua dugu. Ditugun proiektuen artean, Mikro Zine Aretoa eta igerilekua martxan jartzea dago. Eta orain arte lortutako emaitzek bultzada handia ematen digute aurrera egiteko. Eta lehenengo urteurrena behar bezala ospatzeko, nola ez!”, adierazi digu Prosperik

Berrirekitzearen urtemugaren festa larunbatean, apirilaren 20an, izango da hoteleko jatetxean. Ikuskizun afaria animatzeko Cordobako Marcos Ontivero umorista ekarriko dute antolatzaileek. Sarrerak salgai daude hoteleko harrera lekuan. Informazio gehiago jasotzeko deitu 02953 – 452145 zenbakira, idatzi gerencia@euzkoalkartasuna.com.ar helbidera edo sartu hotelaren webgunean.

Euzko Alkartasunaren webgunea: www.euzkoalkartasuna.com.ar
Facebook: www.facebook.com/EUZKOALKARTASUNA
Twitter: www.twitter.com/euzkoalkartasun
Tripadvisor: www.tripadvisor.com.ar/Hotel Euzko Alkartasuna

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia