euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikus ze zortzi kantu hautatu dituen Mikaela Goicoecheak euskara eta euskal kulturarekiko bere amodioan giltzarri

2022/06/22

Euskal musika & kantua lagun hazi da AEBn Mikaela Goicoechea. Oraingo urratsarekin, 'Basque' izatetik euskalduna izatera pasatu da
Euskal musika & kantua lagun hazi da AEBn Mikaela Goicoechea. Oraingo urratsarekin, 'Basque' izatetik euskalduna izatera pasatu da

PUBLIZITATEA

Lazkao, Gipuzkoa. Wyoming-eko Rock Spring-en jaioa —aita euskalduna eta ama amerikarra— Mikaela Goicoechea, 22 urte, NABOko Musika Programen zuzendaria da 2020tik, eta gogor saiatzen da bere inguru amerikarrean euskal kantu tradizional zein modernoak zabaltzen. Aspaldiko amets bati ekinez, iazko urritik Lazkaoko Maizpide barnetegian topa dezakegu jo ta ke, ia zerotik hasi ostean dagoeneko euskara maila polita lortuta. Euskal Herriko egonaldia, gainera, Lazkaoko Musika Eskolan trikitixa ikasten hasteko ere baliatu du, Estatu Batuetan kantuan eta musikan unibertsitate-tituluduna den gazteak.


2019ko NABO Udalekuko haurrak kantari, Mikaela Goicoechea irakasle eta zuzendari (irudia Xabier Berrueta)


Huntzaren 'Ikusio bete' kantari. Pandemiak bi urtez atzeratu bai, baina ez dio batere galerazi barnetegira etortzeko proiektua

Mikaelak, Martin Goicoechea Wyoming-eko bertsolari gorritiar saritua du aita. Euskara, oraintsu arte, entzuten eta kantatzen zuen zerbait zen. Orain hitz egin ere egiten du. Eta segitzen du ikasten eta, garrantzitsuagoa, etengabe erabiltzen. Gaurkoan, Goierriko bihotzetik, euskara eta euskal kulturarekiko dituen sentimentuei buruz galdetu, eta bere bizitzan garrantzia izan duten zortzi kantu zahar eta berri hautatuz erantzun digu, azalduz zergatik zaizkion kuttunak eta esanguratsuak kantuok, eta zergatik leku berezia daukaten euskara eta euskal kulturarekin daukan amodio eta engaiamendu istorioan.

Hona zortzi kantuak, eta bakoitza hautatzeko izan dituen arrazoiak [estekek Spotify-ko bere euskal musika zerrendetako batera daramate]:

Andre Madalen (herrikoia; loturan, Oskorriren bertsioa)
Betidanik izan dut trikitixa zaletasun paregabea. Gurasoek kontatu didate umetan zein pozik egoten nintzen aitak bere euskal kaseteak jartzen zituen bakoitzean. Nire argazki bat dago etxean, aurpegia janariz zikinduta, besoak altxatuta eta Fandango bat dantzatzeko prest trikitixa baten lehen soinua entzunda. “Andre Madalen” entzuteak hain zuzen, abestea eta dantzatzea maite nuela dakarkit gogora. Gogoan dut, izan ere, nire piano-irakasleari kantu honen moldaketa bat idazten laguntzeko erregutu niola, kontzertu batean pianoan jo ahal izateko. Orain trikitixan nik neuk jotzen ikasi dudan lehenengo fandangoa izan da!

Haurrak Ikasazue (herrikoia, Oskorriren bertsioa)
Abesti honek arrakasta handia izan zuen etxean txikia nintzela. Aitak Oskorriren kaseteak jartzen zituen eta elkarrekin abesten eta dantzatzen genuen egongelan. Orain harrigarria da atzera begiratzea eta ikustea zein aproposak diren letrak, ia-ia klixe bat. «Haurrak ikasazue euskaraz mintzatzen», «Gure kantu zaharrak kontserba ditzagun», «Aire politagorik ez da sortu inun»... Gaur egun, abesti hau entzuten dudanean, haurtzaroa datorkit gogora, eta  pentsatzen dut zein garrantzitsua den kultura hurkoekin eta hurrengo belaunaldiekin bizitzea eta partekatzea.

Xalbadorren Heriotzean (Xabier Lete)
Aita bertsolaria dudanez, nahiko gaztea nintzela Xalbadorren izena ezagutu eta abesti hau entzun nuen. Gogoratzen naiz 2010ean nire lehenengo NABOko Udalekura joan nintzela. 11 urteko neska izugarri lotsatia nintzen, inor ezagutu gabe. Baina, kanpamenduko lehenengo egunetako batean, kantu-klase batera joan nintzen, eta irakasleak abesti hau prestatu zuen guk kanta genezan. Lasaitasun handia sentitu nuen, azkenean zerbait ezaguna eta erosoa egiten zitzaidalako. Kanpamendu horretan, musika ezinbesteko konexio-iturria izan zen, ez bakarrik irakaslearekin eta ikaskideekin, baita nire kulturarekin ere. Esperientzia horrek txinparta piztu zidan gure kulturaz gero eta gehiago ikasteko; udaleku gehiagotara joateko eta amerikar euskal komunitatearen parte aktibo izateko gogoa. Euskal kulturarekin eta euskararekin gaur egun dudan harremanaz hausnartzen dudan bitartean, konturatzen naiz benetan asko zor diodala Udalekuri!

Zer Izan (Huntza)
Euskal musika asko ikasi nuen etxean eta Udalekun, baina batez ere musika tradizionala eta folklorikoa. Unibertsitateko lehenengo urteko ikaslea nintzela, Huntzaren abesti hau entzun nuen eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Euskal musika garaikidea! Trikitixa modu berri batean entzuteak benetan hunkitu ninduen eta horrelako musika gehiago lortzeko gogoa sortu zidan. Ordutik, euskal musika garaikidearen zale eta defendatzaile sutsua naiz, eta asko gustatzen zait kantu berriak ikastea eta artista berriak ezagutzea. Gainera, Euskal Herrian denbora pasatuta, ikasi dut jendearekin konektatzeko modurik onenetako bat musika partekatzea dela. Askotan arrotz sentitu nintzen ekitaldi batean, ezagutzen nuen abesti bat entzun eta nire inguruko pertsonekin modu paregabean konektatu nintzen arte. Euskal kultura eta euskal musika bizirik daude, beti era berri batean garatzen.

Loretxoa (Benito Lertxundi)
Aitarekin ez zen benetako bidaiarik Benito Lertxundiren CDak jartzen zituen arte. Haurtzaroko hainbeste oroitzapen ditut Lertxundiren ahots xarmagarriarekin! Gogoan dut aitak abesti honen letra azaldu zidala nerabe nintzenean eta hunkitu egin ninduen. Denbora pasatu zen eta Arizonako Estatu Unibertsitateko Musika Hezkuntzako nire bigarren urtean, kantu irakasle berria nuen, eta zailtasunak nituen nire "soinua" aurkitzeko. Egun batean, irakasleak esan zidan edozer gauza kantatzeko. Orduan, nire memoriako artxiboetatik “Loretxoa” abestia atera nuen. Irten egin zen, noski, eta ez nukeen geldiaraziko, nahi izanda ere. Gogoan dut irakaslea isilik eserita, hitzik egin gabe. Bukatu eta esan zidan: "Mikaela, hori da kantatzen entzun dizudan gauzarik egiazkoena". Abesti honek beti izango du leku izugarri berezia nire bihotzean, eta ziurrenik beti izango da "edozer gauza" abesteko eskatzen didatenean kantatuko dudan abestia.

Euskal Herrian Euskaraz (Oskorri)
Duela urtebete inguru hasi nintzen kantu hau erneago entzuten, Euskal Herrira euskara ikastera etortzeko prestatzen ari nintzela. Gogoan dut etxean kantatzea eta aitak esatea zenbat maite zuen abesti hau. Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan esan dit oso harro dagoela nirekin, ez bakarrik kantu hau abesteagatik, baizik eta bizitzeagatik. Azkenean bidea ireki eta euskaraz bizi naiteke!

Ez Gaitu Inork Geldituko (Urtz)
Hau da euskararekin dudan harremanean eragina izan duen abesti berriena. Maletak egin eta Euskal Herrira etorri nintzenetik, une guztiak ez dira errazak izan bizitza osoan euskara ikasteko izan dudan ametsa betetzeko gauzatzen ari naizen bide honetan. Maizpideko eskoletan nire lehenengo hilabetea inoiz bizi izan dudan desafio handiena izan zen. Etorri baino lehen, oso gutxi nekien euskaraz eta, bat-batean, hemen, bi aukera neuzkan: ahalegin handia egitea eta euskaraz hitz egitea edo ez komunikatzea. Bai irakasleek bai ikaskideek asko lagundu didate eta asko aurreratu dut, amore eman gabe. Lehenengo hilabetearen amaieran, oso irakasle maitatu batek partekatu zuen «Ez Gaitu Inork Geldituko» abestia. Adi-adi entzun genuen letra: “Nork esan du, ezinezkoa da? Nork onartu du, hori hala da? Zaila bada, ez da ezinezkoa, zaila bada, badago lortzea”. Gogoan dut irakaslearen gomendioa, abestiak esaten duen bezala, gure euskara ikasteko bidea jarraitzeko. Behin eta berriz, gauzak erronkatsu sentitzen ditudanean, abesti hau datorkit burura. Ezerk eta inork ez dit eragotziko nire helburuak lortzea!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia