Buenos Aires, Argentina. Omenaldi batzuk egin zaizkio aurten Argentinako Gobernu Etxearen ondoko Gernikako Arbolaren Kimuari, landatu zutela mende bat bete denean. Gogora dezagun haritzaren kimua 1919ko maiatzaren 11an landatu zela hain leku esanguratsu honetan, Errepublika Argentinarreko presidente Victorino de la Plaza eta Buenos Airesko alkate Arturo Gramajo partaide izan zituen ekitaldi batean. Mendeurreneko omenaldien artean Buenos Aires bertako Denak Bat Cameratak urte amaiera honetan egin duena aipatuko dugu, Xabier Iñaki de Arza Blanco zuzendari Cameratak Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ taularatu baitzuen urriaren 6an hiriburuko Kirchner Kultur Gunean gauzatutako kontzertu berezi batean.
Bertan, Camerata ez ezik, Miguel Angel Pescek zuzentzen duen Lagun Onak Abesbatza eta Arza Blancok zuzentzen dituen ‘I Cantori della Colombo’ eta ‘Coral Todos los Santos’ abesbatzak ere aritu ziren. Guztiak euskal musikak eta euskaltasun musikalak Diasporan daukaten presentzia eta bizitasunaren adierazgarri.
Entzun Xabier Iñaki de Arza Blancoren aurkezpen hitzak eta Sorozabalen Gernika, indarrez, sendo, Buenos Airesetik mundura:
[Bideoa: Pablo Sorozabal musikagile donostiarraren ‘Gernika’ Buenos Airesko CCK Kultur Gunean]
Xabier Iñaki de Arza Blanco EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, kontzertuan gogoan izan zituzten Gernikako Bonbardaketaren biktimak. Izan ere, errezitala beste requiem batekin hasi zen, Mozarten Requiem re txikian hain zuzen. Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ jotzean, Nemesio Etxanizek idatzitako hitzak zeukan publikoak, euskaraz eta gaztelaniaz, kontzertuko programan.