euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikurrinaren igoerarekin hasiko du gaur Ibarretxek bisita San Frantziskora; arratsaldez, hitzaldia Standforden

2008/02/14

Prest dago guztia South San Frantziskoko Udaletxean Ibarretxek eta bertako alkateak ikurriñaren igoera ekitaldia egin dezaten (arg. EuskalKultura.com)
Prest dago guztia South San Frantziskoko Udaletxean Ibarretxek eta bertako alkateak ikurriñaren igoera ekitaldia egin dezaten (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

South San Frantziskoko Udaletxean goizeko hamaiketan --bertako ordua, arratsaldeko zortziak Euskal Herrian-- hasiko den ikurriña igotze ekitaldiarekin ekingo dio Ibarretxe lehendakariak datorren igandera arte AEBetara egingo duen lau egun eskaseko bisitaldiari. Lehendakariak hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldean Stanfordeko Unibertsitatean, azkeneko egun eta asteetan aukera horren kontrako kanpaina gogorra asmatu badu ere bertako espainiar talde batek, Espainiako medio batzuen laguntzaz. Datozen egunotan lehendakaria John Garamendi Kaliforniako gobernadoreordearekin bilduko da eta South San Frantziskoko Basque Cultural Center delakoaren 26. urteurren ekitaldietan hartuko du parte.
Ibarretxe atzo iluntzean iritsi zen Euskal Herritik San Frantziskoko nazioarteko aireportura eta egun hauetan egoitza izango duen erdiguneko hotelera joan zen. Ia lau egunez Ipar Kaliforniara egingo duen bisitaldiko egitaraua gaur goizeko hamaiketan hasiko du South San Frantziskoko Udaletxean, bertako alkatearekin batera egingo duen ikurriñaren igoera edo jasoerarekin, udal eraikinaren balkoi nagusian.

Gaur arratsaldeko lauetan --bertako tenorean, ostiraleko ordu batean Euskal Herrian-- lehendakariak hitzaldia eskainiko du Stanford Unibertsitatean A Proposal to Transform the Basque Conflict (Proposamen bat euskal gatazka aldatzeko), instituzio akademikoak berak gonbidatuta. Ekitaldi honek bertako espainiar talde batek hasi eta Espainiako medio batzuek sustatu duten kanpaina gogor bat jasan behar izan du. Internet bidez kanpaina honekin bat egin dute espainiar ideologia ultranazionalistako hainbat ahotsek, horien artean PPko kide batzuk eta Rosa Diezek gidatzen duen Unión Progreso y Democracia alderdi berriak, eta baita ere Madrileko hainbat komunikabidek. Ekitaldia bertan-behera utzi arazteko saiakera honek Unibertsitatearen erantzuna jaso du, gonbidatuaren adierazpen askatasunari errespetua eskatuz.

Elkarrizketa Sacramenton Garamendi gobernadoreordearekin

Medio batzuek gaur arratsaldean Stanforden Ibarretxeren aurkako protesta ekimenak izan daitezkeela iragarri badute ere, San Frantziskoko Euskal Etxeko iturriek, EuskalKultura.com-i eginiko adierazpenetan, kanpaina honi garrantziarik ematen ez diotela azaldu dute, Europan bizi den hauteskundeen aurreko kanpainaren karira sortu den polemika 'artifiziala' eta 'gurekin zerikusirik ez duten interes politikoei argi eta garbi lotua' dela esanez.

Datozen egunetan lehendakaria Kaliforniako gobernadoreordearekin, John Garamendi euskal-amerikarrarekin, bilduko da. Garamendi Euskal Herrian izan zen duela hilabete batzuk eta Ibarretxek Ajuria Enean harrera egin zion. Lehendakariak gainera Basque Cultural Center (BCC) euskal etxeak astebururako prestatu dituen ekitaldietan parte hartuko du, elkartearen egoitzaren 26. urteurrena ospatzeko. BCC Estatu Batuetako euskal etxe finkatuenetakoa da eta bere egoitzan frontoia, jatetxea, hainbat bilera gela eta ekitaldi areto biltzen ditu.


Lotura interesgarriak

Ibarretxek Stanforden emango duen hitzaldiaren iragarkia
Unibertsitatearen webgunean

Basque Cultural Center elkartearen webgunea
www.basqueculturalcenter.com

Ibarretxeren hitzaldiaren aurkako sinadura bilketa
Ipetitions.com webgunean

Ibarretxeren aldeko sinadura kanpaina
www.gureerakundeenalde.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia