euskal diaspora eta kultura
2013/02/18
PUBLIZITATEA
Alta Gracia, Cordoba, Argentina. 'Mundu guztia Alta Gracian' izenpean urtero Alta Gracia hiri 'serrano' argentinar honetan antolatzen den jaialdiak bere 26. edizioa bete berri du otsailaren 1etik 9ra, arrakastatsu, ohi bezala, udako opor giroa baliatuz eta Cordoba probintziako mendixkek biltzen duten turista andana ere helmuga. Aurreko urteetako ildoari jarraiki, gizataldeetako ordezkariekin batera, ekimenak izen handiko artista anitz bildu zituen zituzten horretarako prestatutako bi agertokietan. Publikoari dagokionez, antolatzaileek balantze ona baino hobea egiten dute, hogei milatik gora lagunek bisitatu baitzuten festa gunea.
Eta Alta Graciara "mundu guztia" deitua zegoenez, euskaldunek ez zioten deiari muzin egin eta beste urte batez euren dantza, kolore, gaztetasun eta ilusioa bizkarrean bertaratu ziren, Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxeko kideak medio. Eta ondo asko bete zuten xedea euskal erakundeko gazteek taulen gainean, antolatzaileen iturrietatik adierazi zaigunez.
[Alta Graciako jaialdian parte hartu zuen Gure Txokoa-ko ordezkaritza (argazkiaEE)]
‘Cordobatarrak’ dantza taldearen emanaldia otsailaren 8an izan zen agertoki nagusian. Villa Mariako Euzko Etxea-ko dantzari batzuk ere lagun, Euskal Herriko dantza erakusketa polita eskaini zioten hitzordura bildutako jendeari. Aurkezpena ‘Agurra’rekin hasi zen eta ondoren ‘Arku Dantza’, ‘Suletino’, ‘Fandango’ eta ‘Arin Arin’ interpretatu zituzten.
Saioari amaiera emateko, berriz, ‘Kalejira’ dantzatu zuten neska-mutil euskaldunek. Aipatzekoa da oihartzun zabala duen jai hau telebistaraino ere iritsi zela eta Cordobatarrak-en emanaldia, 12. kateak transmititu zueka, probintzia osorako.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus