Donostia-San Sebastian. Irudiak urtero errepikatzen dira Aberri Eguna bezala Diasporan eta Euskal Herrian seguruenik modu diferentean bizi diren hitzordu berezi honetan. Euskal Herria urrun eta gertu den errealitatea izanik, leku askotan esangura berezia ematen zaio eta, euskal etxe historiko askotan bereziki, oinarrizko hitzordua dute euskal elkarteek, AEBetako New Yorkeko Eusko Etxetik, Venezuelako Caracas edo Valencia, Txileko Santiago edo Argentinako hainbat euskal etxe txiki eta handitaraino.
Baina Diasporak bizimodu eta ezaugarri bereziak dituelarik, oroitarazi behar dugu kasu honetan gehiago direla seguruenik Aberri Eguna ospatu bai, eta serios edo gogoz gainera, baina Bazko igandean egin ordez, ekitaldiak ondoko igande edo asteburuetan antolatuta egiten duten euskal etxeak.
Ospatu ere, modu askotara: zeremoniekin, ereserki eta banderak mastetan igoz, kalera aldarrikapenez aterata, bildu eta jateko-edatea partekatuz, bazkari edo afari herrikoi jendetsuak antolatuz, kultura ekitaldiez edo egunkarietara edo sare sozialetara atereaz, Aberri Egunarekin bat egiten duten artikulu edo mezuak zabalduz.
Edonola ere ekitaldi asko dira, modu eta izaera anitza daukatenak, aberria, jatorria, iraganaren eta geroaren lokarri izan nahi dutenak. Urtero bezala, euretako batzuen berri emango dugu --ematen ari gara-- zenbait artikulutan, iristen joan(go) zaizkigun informazio eta irudien arabera.
Gaurkoan, lehenengo argazki galeria bat, orain arte egin diren elkarretaratze eta hitzordu horietako sei islatuz.