Txupinazo zirraragarriaz gozatu zuten aspaldiko partez iruindarrek, aurten Udaletxeko balkoian ikurrina ere ikusi ahal izanik. Udaletxeko plaza zapi gorrien itsaso bat izan zen, eta eguerdiko hamabietan festak eztanda egin zuen bertan. Diasporan zehar ere jaia eta zalaparta zabalduko da asteburuan eta Sydneyn, Mexikon, Boisen, Caracasen eta hamaika lekuetara helduko da "Gora San Fermin" oihua.
Donostia-San Sebastián. Aurtengo San Ferminen txupinazoa berezia izan da, besteak beste ikurrina ere egon delarik Udaletxeko balkoian, osatu berria den udalbatzako buru den Joseba Asiron (EH Bildu) alkatearen erabakiz.
Asteburuan San Fermin festa Diasporan zehar zabalduko da. Batzuk, baina, aurrea hartu diete nafarrei, eta Venezuelako Valentzian esaterako iragan larunbatean ospatu zituzten Sanferminak, bigantxa eta guzti. Jarraian, munduko San Fermin hitzordu batzuk aipatuko ditugu (Argentinakoak beste artikulu batean aipatu ditugu, asko dira eta).
Larunbatean, San Ferminak Mexiko DFra iritsiko dira, hango euskal etxeak antolatu duen festa eta bazkariari esker. Urteroko hitzordurik nagusienetako da hau eta lagun asko bilduko dira euskal elkartera zuri eta gorriz jantzita, ohiturak agintzen duen legez.
Australian, Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeak ere larunbatean egingo du festa, elkartean egingo den bazkari batekin. Gainera, Australiak Euskal Herriarekin duen ordu diferentzia dela eta, entzierroa zuzenean ikusteko aukera izango dute! Sydney-n ere zuri eta gorriz jantzita joango dira elkarteko kide eta lagunak, antolakuntzak hala eskatu baitu.
Berriz ere Venezuelara itzulita, Caracaseko Eusko Etxean ere larunbatean ospatuko da San Fermin. Festa hau urteko unerik handienetakoa izan ohi da eta bazkide asko erakartzen ditu, ziurrenik han egiten den entzierroaren emoziagatik. Valencian egin zuten bezala, Caracasen ere bigantxak askatu ohi dira, kasu honetan gainera elkarteko lorategian entzierroa eginez.
Aurten, gainera, berritasun bat prestatu du euskal etxeak: patata tortila lehiaketa. Irabazleak Casa Pakea jatetxean bazkari bat jasoko du. Lehiaketako tortilak eguneko bazkariaren parte izango dira, beste euskal kutixi batzuekin batera. Amaitzeko, bazkalostean jolasak egingo dira, haur eta helduentzako sariekin.
Amaitzeko, Boisen, AEBetan, jarduera berezia egingo da larunbatean: "Running of the Bars", Sanfermin estiloko lasterketa/poteo bat Boiseko tabernatan barrena. Partehartzaillek hainbat froga gainditu beharko dituzte eta bertan bildutako dirua Basque Museum & Cultural Center eta Boiseko Ikastolarentzat izango da.
[Hauek egunotan egingo diren ekitaldietako batzuk baino ez dira; zure euskal etxearen festaren baten berri ematea nahi baduzu, idatzi info@euskalkultura.com helbidera]