euskal diaspora eta kultura
2011/05/30
PUBLIZITATEA
Resistencia, Argentina. Chacoko hiriburua den Resistencian ospatu dira aurten Maiatzaren 25eko egunari dagozkien ekimen ofizialak. Cristina Fernandez presidentea eta probintziako eta Resistencia bertako beste agintari batzuak partaide, maiatzeko Iraultzaren 201. urtemuga oroitu zen Buenos Airesetik 1000 kilometrora dagoen hirian. Gizatalde batzuek ekitaldietan parte hartzeko gonbitea jaso zuten, tartean, paraguaitar, italiar, calabriar, alemaniar-austriar, friuliarrak eta euskaldunak.
‘Kotoiaren Lurra’ Euskal Etxearen izenean, Oscar Nelson Bulacio, Xavier Canteros, Iñaki Echarri, Juan Marcelo Duarte eta Mariana Echarrik aurkeztu zieten beren agur formala Jorge Capitanich probintziako gobernadoreari eta Aida Ayala hiriburuko alkateari.
[Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko kideak Aida Ayala Resistenciako alkatearekin (argazkia EE)]
Independentzia eta autodeterminazioa
Maiatzaren iraultzaren testu-inguruan, Euskal Herriaren etorkizunari buruzko gogoetak egiteko aukera ere proposatu zuten euskal etxe batzuek. Hau da Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxearen kasua. Domingo Faustino Sarmiento liburutegiarekin batera, Chascomuseko euskaldunek “Euskaldunak eta katalanak: estaturik gabeko nazioak. Gatazka politikoaren hasiera eta eboluzioa” izeneko hitzaldia eskaini zuten. Cesar Arrondo irakasleak eta Gustavo Capdevila La Platako Casal Català-ko idazkariak emandako hitzaldia entzutera anitz lagun bildu ziren. “Bi gatazkaren jatorri eta ibilbidearen garapena, eta 1810. urtean Argentinan gertatu zenarekin konparazioa oso ulergarriak izan dira bi herri hauen aldarrikapenak ulertzeko”, laburbildu dute ekimena Chascomuseko euskal etxetik.
[“Euskaldunak eta katalanak: estaturik gabeko nazioak. Gatazka politikoaren hasiera eta eboluzioa” izeneko hitzaldia antolatu zuten Zingirako Euskaldunak euskal etxeko kideek (argazkia EE)]
Buenos Aires hirian, Euskaltzaleak-ek ere ospatu zuen Maiatzaren 25a hitzaldi batekin. Hiriburuko Independencia eta Solis kaleetan dagoen egoitzan funtzionatzen duen euskaltegiak Eduardo Torryren bisita jaso zuen. “Autodeterminazioaren eskubidea, Euskal Herriaren kasua” izan zen Torryren mintzaldiaren gaia eta publikoak arreta handiz jarraitu zion adituaren azalpenari. Hitzaldia bukatuta, Argentinako “locroa” konpartitu zuten etxeko kide eta gonbidatuek.
[Euskaltzaleak-ek Eduardo Torry gonbidatu zuen hitzaldia emateko (argazkia EE)]
Saladillo, Gral. Rodriguez, Arrecifes-en
Aurreko urteetan bezala, Saladilloko euskaldunek Argentinako plater tipiko bat prestatu zieten herritarrei jai egunean dastatzeko. Euskal etxeko kide den 'Pety' Artolak buseca prestatu zuen eta berrehun bat zati saldu ziren. “Aurtengo eskaera paregabekoa izan da. Eta pozik gaude bildutako dirua egoitza bukatzeko erabiliko dugulako”, azaldu du Silvina Bordenavek.
[200 pertsonarentzako “buseka” prestatu zuten Saladilloko euskaldunek (argazkia EE)]
Gral. Rodriguezeko euskaldunek ere aspaldiko ohitura bati eutsi zioten Eusko Aterpea-ko kideek txokolatea eskaini zieten euskal etxera hurbildu ziren lagunei. Jolasak ere egin ziren arratsalde osoan. Bingoa, musa eta giro bikaina gailendu ziren Gral. Rodriguezeko ospakizunean.
Arrecifes herrian Euskaldunak Denak Bat-eko ordezkaritza batek herriko ekitaldietan hartu zuen parte. Udaletxean, bertako agintariekin txokolatea eta gozokiak konpartitu zituzten eta ondoren ikurrina eraman zuten euskaldunek herriko elizan egindako Tedeum-era.
[Euskaldunak Denak Bat-eko kideak herriko ospakizunean (argazkia EE)]
Maiatzaren 25eko kabalkada San Fe-n
Iraultzaren eguna ospatzeko, herriko kabalkada egin zen Santa Fe hirian. Metropoliko katedralean Tedeum-a egin ondoren, Gure Etxea Euskal Etxeko kideek hiriko kaleetan paseatu zituzten berde, gorri eta zuri koloreak.
[Santa Fe-ko Gure Etxea euskal etxeko kideak herriko kabalkadan (argazkia EE)]
Herriko jaiak bizi ondoren, maiatzaren 27an euskal etxeko arduradunek lagunen arteko bazkari batekin gonbidatu zituzten FEVAko Ricardo Basterra lehendakari eta Marta Abarrategui idazkaria. Basterra eta Abarrateguik eskualdeko euskal etxeak bisitatu zituzten maiatzaren 25etik 28ra arte.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus