euskal diaspora eta kultura
2010/05/31
PUBLIZITATEA
Santa Fe, Argentina. Ushuaiatik La Quicara herri askotako euskal etxeek ospatu dute azken egunotan Maiatzeko Iraultzaren Bigarren Mendeurrena. Santa Fe hirian, urtemugaren egun berean eta goizeko hamaiketan, Gure Etxea Euskal Etxeko kideek beste hainbat kolektibitaterekin batera herriak antolatutako kabalkadan hartu zuten parte. Katedral Metropolitarrean Te Deum-a egin ondoren, desfilea Gobernuko Egoitzatik Legealdira egin zuen ibilbidea, Gral. Lopez etorbidetik.
[Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxeko banderari eta kideak]
Buenos Aires probintziako Jose C. Paz hirian maiatzaren 22an hasi ziren ospakizunak. Arratsaldeko bostetan Eduardo Chillidari buruzko hitzaldi bat eman zuen Elena Itcea Gorasurretak. Itcea irakasleak, dokumentalak ere proiektatu zituen. Jarraitzeko, kultur koordinatzailea den Lidia Lucia Lechardoy-k Iraultzari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari. Argentinako zein Euskal Herriko musikaz ere gozatu ahal izan zuten Toki Eder Euskal Etxeak antolatutako jaian. Hernán Malvenda folklore taldearen eskutik gonbidatuek dantza argentinarrak dantzatu eta ondoren, etxeko dantzariek euren ikuskizuna eskaini zuten. Tabernan ere bi kulturak nahastu ziren. Argentinako enpanada tipikoak baita tortilla eta tripakiak ere prestatu zituzten erakundeko sukaldariek.
Hegoaldera abiatuz, Pehuajoko Etxe Alai euskal etxeak ekitaldi batean parte hartzeko gonbitea luzatu zion herriko komunitateari. Erakundeko Batzordeko kideek eta tailerretako ikasleek Martin Fierro liburua --Matxin Burdin euskaraz-- hartu zuten ardatz aberriari omenaldia egiteko. Argentinako Literaturaren arloko ikurra den liburu honen lerrokada batzuk irakurri zituzten ikasleek euskaraz eta gero tangoa eta kalejira dantzatu zituzten.
[Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko kideek buseka tipikoa prestatu zuten]
Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko kideek, azken urteotan bezala, Argentinako buseca tipikoa prestatu zuten Iraultzaren urtemugaren bezperan. Aurten 150 zati saldu zituzten Saladilloko euskaletxekideek eta bildutako dirua euren egoitza eraikitzen jarraitzeko oso baliogarria izango da. Bestalde, datorren maiatzaren 29an, Alberto Sarramoneren Inmigrantes y criollos en el Bicentenario izeneko liburua aurkeztuko dute bertako Bartolome Mitre liburutegian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus