Olavarria, Argentina. Miguel Boado, Olavarriako Euskal Etxeko kide izateaz gain, urteen poderioz Elkartearen zutabeetakoa ere bihurtu da. Euskal arbasoak izan arren –Bergara eta Urbina abizenak dauzka bere zuhaitz genealogikoan–, soilik alabak euskal etxera joaten hasi zirenean hasi zen bera ere joaten. Neskak dantza egitera; Miguelek, berriz, sukaldean aurkitu zuen bere lekua.
Lujanera erromes joateko ideia nola sortu zen galdetzean, bizipen pertsonala partekatu du EuskalKultura.eus-ekin: “Duela urte pare bat ama gaixotu zitzaidan, oso larri egotera heldu zen, eta nik promesa bat egin nion Ama Birjinari: Ama sendatzen bazen, oinez joango nintzen Lujanera”. Eta hala egin nuen.
“2019an antzeko zerbait gertatu zitzaidan", jarraitzen du. "Euskal Etxean Euskal Aste Nazionalera joan nahi genuen baina ez geneukan aski jende gure dantza taldean… Berriro ere neure burua Ama Birjinaren esku utzi nuen; eta bi momentuetan bere erantzuna izan nuenez, hau da bidea egiten dudan bigarren aldia”.
360 bat kilometro daude errepidez Buenos Aires probintziako Olavarria eta Lujan hirien artean eta ibilbidea egiteko bederatzi egun behar izan zituen Boadok… eta baita pare bat oinetako pare ere. Ikurrina beti eraman zuen alboan, baita Lujanera iristean eta Basilikan sartzean ere.
[Miguel Boado Lujango Basilikara sartzen. Lujaneko Ama Argentinako zaindaria da (bideoa MB)]
Saladillo eta deia euskal etxeko lagunei
Oinezkoaldian, hainbat herritan gelditu zen Miguel gaua pasatzeko, horien artean Saladillon. Bertako hoteletan ez zegoen oherik libre eta, beraz, Itxaropen Euskal Etxera hurbildu zen gaua pasatzeko leku eske. Itxaropen-eko jendeak ongietorria eman eta egoitzan bertan eskaini zion lekua. “Iritsi nintzen egunean paella erraldoi bat ari ziren prestatzen, saltzeko. Eta gustura, laguntzeko aukera izan nuen”, kontatu digu.
Erromesaldia bukatuta, eta atzera etxean, esker oneko hitzak baino ez ditu ibilbidea egiten lagundu zioten guztientzat. “Bereziki Olavarriako Gure Etxe Maitea-ko bazkideentzat, gauzak erabat erraztu baitzizkidaten bidaia egin nezan”, aitortzen du.
“Esperientzia ederra izan da eta horregatik gonbitea luzatu eta hala nahi duten gainerako euskal etxeetako jendearekin konpartituko nahiko nuke datorren urtean. Nahi duenak, beraz, Olavarriara etortzea baino ez du lehenengo egunean; hortik aurrera talde gisa gure gain hartuko ditugu peregrinazioaren gastuak. Horretarako, diru hori lortzeko, urte osoan arituko gara lanean zenbait ekimen sustatzen",azaldu du Miguelek.
Ikurrina eskuan erromesarekin bat egin nahi duenak hiriko Euskal Etxearekin jarri behar du kontaktuan, Facebook-eko Centro Vasco Olavarría Gure Etxe Maitea kontuan.