euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikertzaile kanadatar bat balearen euskal ehiza gaitzat hartzen duen opera bat ari da idazten doktoretza lan legez

2017/04/28

Aiden Hartery Red Bayn, Boney Shore-ko bidexkan (argazkia Aiden Hartery / The Aurora)
Aiden Hartery Red Bayn, Boney Shore-ko bidexkan (argazkia Aiden Hartery / The Aurora)

PUBLIZITATEA

Aiden Hartery du izena unibertsitari kanadatarrak eta Ontarioko Londongo Western University unibertsitatean aurkeztu behar du Red Bay eta bertan euskal baleazaleak 16. mendean garatu zuten jarduerari buruzko bere opera edo tesia. Hartery lizentziatua da Musikan eta masterra dauka Musikagintzan, eta Juan Martinez de Larrume itsaslari oriotarraren azken borondatea, Ipar Ameriketako lege dokumentu zaharrenetako dena hartuko du oinarri.

Labrador Hiria, Ternua, Kanada. Aiden Hartery, Labrador Hirikoa da eta euskal baleazaleen Red Bayko historiaz ari da idazten bere doktoretza disertazio gisa erabiliko duen opera. Musikariak berak azaltzen duenez The Aurora egunkarian argitara emandako artikulu batean, Ternuan dramaturgia arloan idazle ezaguna den Megan Coles antzerki zuzendari eta eleberrigilearekin batera ari da lanean.

Operak Juan Martinez de Larrume oriotarraren, eta oro har San Juan ontziaren eta bere eskifaiaren istorioa hartuko ditu ardatz, 1577ko negua Red Bayn pasatzera behartu ziren ezkero. Harteryk azaltzen duenez, "Red Bayn hil zen Laruume eta bere azken borontearearen dokumentua, deskrubritu zutenean, Estatu Batuetako eta Kanadako dokumentu zaharrena bilakatu zen momentu hartan". Bere alargunaren eta haurraren istorioa ere operako parte bilaka daiteke. Harteryk dio bere lanak Red Bay eta euskal baleazaleen ehizari buruz egin diren ikerketa sakonak hartu dituela aintzakotzat, eta bere lana datu eta informazioa horien oinarrian eraiki duela. Aurreikusten du baita ere zenbait euskal instrumentu tradizionalen erabilera, tartean txalaparta, txistua, danbolina eta alboka.

Euskal Itsas Ondarearen Erakundea, Albaola Itsas Kultur Faktoria bezala ezagunago del elkartea, San Juan ontziaren erreplika bat ari da eraikitzen egun, Gipuzkoako Pasaian daukan egoitzan. Harteryren xedea da bere opera ontzi hau 2018-2019an Ameriketara iristearekin batera estreinatzea.

Bere doktoregoa lortutakoan, Harteryk operarekin batera joango zatekeen hezkuntza pakete bat sortu nahiko luke. Paketeko parte, zenbait osagai, eskoletan banatzeko Red Bay eta bere historiaren berri ematerakoan. Harteryk grabatu nahiko luke bere opera, eskolek ikus-erreferentzia bat izan dezaten hezkuntz paketearen barnean. "Uste dut aberasgarria izango dela ikasleentzat, gaiari ikuspuntu eta diziplina aniztasunetik helduta (musika, geografia, historia elkar-eragiketak garai bateko europarren eta Labradorreko leinuen artean...)", amaitzen du Harteryk.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia