euskal diaspora eta kultura
2008/10/07
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Ikerbasque fundazioko arduradunek atzo eskaini zituzten Bilbon zientzia eta ikerketa sustatzeko egitasmo honen lehen datuak. Prentsaurrekoan Tontxu Campos, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburu eta Ikerbasqueko lehendakaria, eta Mari Carmen Gallastegi, Ikerbasque fundazioako lehendakari eragilea izan ziren. Eurek azaldu zutenaren arabera Ikerbasque abian jarri zenetik --2007ko urriaren 6a-- nazioarteko lehen lerroko berrogeita hamar ikertzaile txertatu ditu dagoeneko Euskal Zientzia eta Teknologia Sisteman.
Ikertzaile hauen %76ak Zientzia Esperimentalen alorrean egiten du lan, eta gainontzekoak Gizarte-Zientzietan (%13k), Humanitateetan (%5ek), Zientzia Teknikoetan eta Ingeniaritzan (%3k) eta Medikuntza eta Bizitza-Zientzietan (%3k). %70 unibertsitate publikoko sail desberdinetan finkatu dira, %8 nanoGUNE IKZ nanoteknologia-zentroan, %6 DIPC Fisika-Zentroan eta %12 bioGUNE IKZ biozientzia-zentroan, Mondragon korporazioko I+G sailetan eta BERC-Math matematikako ikerketa-zentroan. Gainontzeko %4 Tecnalia teknologia-korporazioan eta Ikerbasquek berrikitan sortu duen BC3 klima-aldaketari buruzko ikerketa-zentroan sartuta daude.
20 herrialdetako ikerlariak
Jatorriko zentroei dagokienez, kasurik gehienetan unibertsitate-erakundeak dira, Europako eta Estatu Batuetako unibertsitate prestigiotsuenetako batzuk tarteko: Oxford, Stockholm, San Petersburgo, Dublingo Trinity College, Bolonia, Bartzelona, Caen, Amsterdam, Londres, Zurich, Toronto, California-Berkeley, Columbia edo Massachusetts, 35 erakundeko zerrenda osatu arte. Beste batzuk ikerketa-zentro publiko eta pribatuetatik etorritakoak dira, Moskuko Teknologia Elektronikoko Institutua, Samsung Electronics, Monterreyko Teknologia Zentroa edota Madrilgo Zientzi Ikerketarako Goi-Zentroa tartean.
Nazionalitateei begira, talderik handiena Estatu espainiarrekoa da (22), ondoren Alemaniakoa (8), AEB eta Errusiako taldeak (6na), Argentinakoa (5), Ukraina, Erresuma Batukoa eta Italiakoak (4na) eta Txinakoa (3). 26 nazionalitate desberdin guztira, Europako zenbait herrialdetakoak eta Maroko, Israel, Turkia, India, Kanada, Mexiko, Ekuador, Peru eta Venezuelako ordezkariak barne. 50 kontratatuetatik zazpi emakumezkoak dira, eta guztien batez besteko adina 44 urtekoa da.
Zientzia sistema bultzatuz
Euskal Zientzia Sistema indartu eta Euskadi ikerkuntza-bikaintasunaren Europa mailako erreferentziatzat kontsolidatzea da helburu nagusia. Horretarako, datozen bi urteotan jakintza-alor desberdinetan (zientzia esperimentalak, medikoak, sozial eta juridikoak, teknikoak eta humanitateak) nabarmendu diren ehun bat zientzilari erakarri nahi ditu Euskal Herrian era iraunkor batean lan egin dezaten. Aurtengo ekitaldian, Ikerbasquek ikertzaileak kontratatzeko eta ikerkuntzari eta instalazioei laguntzeko erabili duen aurrekontua 2,5 milioi euro baino gehiagokoa izan da.
IKERBASQUE ekimenaren hedadurak zerikusi handia du teknologia berrien erabilerarekin eta bereziki Fundazioaren www.ikerbasque.net webgunearekin. 2008an, 50.000 bisita inguru izan ditu webgune honek, astero 1.200 baino gehiago batez beste. 560 erabiltzaile ebaluazioetarako hautagaitzat erregistratu dira.
Lehen fruituak
Ikerbasquek sustaturiko ikerkuntza taldeak hasi dira jada fruituak ematen. Adibidez neurozientzia sailean lan egiteko kontratatuta dagoen Koen Vandenbroeck ikertzaile belgikarrak ikertzaile talde bat zuzenduko du euskal unibertsitatean eta Espainian, Frantzian, Alemanian, Herbeheretan eta Errusian egoitza duten beste bederatzi zientzia-talderen lana koordinatuko du. Farmakologia eta genetika bezalako arloetan ikertuz esklerosi anitzari aurre egiteko moduko tratamendua aurkitu nahi dute.
Bestalde, Science aldizkari prestigiotsuak elektrizitatea garraiatzeko moduko superatomotzat identifikatu diren molekula organiko batzuen aurkikuntza ezagutarazi zuen apirilean. Aurkikuntza Donostia International Physics Center-en (DIPC) lan egiten duen ikerketa-talde batek egin zuen, Ikerbasque programaren baitan kontratatuta dagoen Hrvoje Petezk kroaziar jatorriko fisikariaren zuzendaritzapean.
Era berean, Fisika Puru eta Aplikatuaren nazioarteko erreferentziatzat jotzen den Nature Physics aldizkariak nazioarteko ikertzaile-talde batek izenpetutako lan berritzaile bat argitaratu zuen uztailean, eta talde horretako kide bat Enrique Solano peruarra da, otsailaz geroztik euskal unibertsitatean lan egiten duena fundazioari esker. Artikuluak zirkuitu supereroaleak aztertzen ditu. Muturreko tenperaturetan paratuz gero, osagai mikroskopiko hauek atomo artifizialen antzera joka dezakete, eta adituen esanetan, etorkizuneko super-ordenagailuetan erabili ahal izango dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus