euskal diaspora eta kultura
2010/11/19
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Zientzia sustatzea xede duen Ikerbasque fundazioak www.sciencecareers.eu atari berria abiarazi du Interneten, karrera profesionala Euskadin egitea erabakitzen duten mundu osoko ikertzaileentzat ezinbesteko erreferentzia bilaka dadin. Ekimen berri honek, Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroek osatzen duten euskal zientzia-sistemako ikerketa-erakundeetarako talentu zientifikoa erakarri, atxiki eta sendotzearen alde, Ikerbasquek finkatuak dituen helburuak betetzen lagunduko du.
ScienceCareers.eu gure inguruneko ikertzaileen jakinminari eta eskariari erantzunez eratutako ataria da, ikerketa alorreko enplegu-eskaintza guztiak gune bakar batera bildu eta nazioartean bistaratu eta ezagutaraztea xede duena. Eustaten azken datu erabilgarrien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak osatzen duten Euskadiko Autonomi Erkidegoko datuak bilduz, bertako zientzia eta teknologia sistemak 9.460 ikertzaile ditu, 3 unibertsitatetan (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon), eta materia kondentsatuaren fisika, nanoteknologia, klima-aldaketa, biofisika, matematika aplikatua, neurozientzia kognitiboa, ikerketa biomedikoa, energia-iturri berriak edo materialen zientzia bezalako alor zientifikoetan lan egiten duten beste 22 erakundetan (Basque Excellence Research Centers, IZKak eta Teknologia-Zentroak) jardunean dihardutenak.
Ikertzaileen eta erakundeen zerbitzuan
ScienceCareers.eu ikertzaileei nahiz ikerketa-erakundeei laguntzeko asmoz sortua da. Lehenengoei, Euskadiko zientzia eta teknologia sistemak eskaintzen dituen aukera profesional guztiak gune bakar batera bilduz, harpidedunei lanpostu hutsen berri emango dien alerta-zerbitzua barne; eta unibertsitateei eta Euskadiko teknologia eta ikerketa zentroei, enplegu-eskaintzak hobeto bistaratzeko gunea atonduz. Alde hau oinarri-oinarrizkoa da ikerketa zientifikoaren moduko eremu nazioartekotu eta lehiakorrean.
Gaur egun, ScienceCareers.eu webgunearen ezaugarrietako batzuk betetzen dituzten beste web-zerbitzu batzuk daude, baina zerbitzu berri honen balio-proposamena, datuak gune bakar batean bilduta ikusteko aukeran oinarritzen da. Honek kudeaketa erraztu eta enplegu-eskaintzak nazioarteko beste atari batzuetara automatikoki esportatzeko aukera emango du (Europako Batzordeak kudeatzen duen Euraxess europar ataria barne), eta horrela, lan-eskaintzak ScienceCareers.eu argitaratzen dituzten euskal zentroek zabalkunde handiagoa lortuko dute beren deialdietarako, ahalegin gehigarririk egin beharrik gabe.
Ikerbasque balantzea
Eusko Jaurlaritzak 2007an sortu zuen Ikerbasque Euskadiko Zientzia Fundazioa Euskadin ikerketa zientifikoa garatzen laguntzeko, ikerketa alorreko talentuak erakarri eta atxikitzeko. Hauek dira Ikerbasqueren hiru helburu nagusiak: Euskal Zientzia Sistema sendotzea, sistematik kanpo erakarritako zientzialariak kontratatuz; sistema bera garatzea, BERC (Basque Excellence Research Centers) deritzen ikerketa-zentro berrien sustapenaz; eta Euskadiren irudia bultzatzea ikerketaren alorreko nazioarteko erreferentziatzat. Europako Batzordeak, Europako Ikerketarako 7. Esparru-Programaren barruan, Europa osoko ekimenik garrantzitsuenetakotzat aukeratu du Ikerbasque Fundazioa, eta ondorioz, 5 milioi euro eman ditu Ikerbasqueko programak finantzatzeko.
Ikerbasque sortu zela ia 4 urte igaro direla, fundazioak 123 ikertzaile senior aurkeratu ditu guztira, Euskal Herrikoak nahiz munduko beste leku batzuetatik etorritakoak. Ikerbasque Fundazioko ikertzaileak mundu osoko 20 herrialdetan jaiotakoak dira, eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan dihardute lanean. Euskadiko zientzia-ekoizpena, zientzia-liburuak eta zientzia-adizkarietarako artikuluak barne, %31,9 hazi zen 2008an aurreko urtearen aldean (hauxe da azken datu erabilgarria).
Atari berriaren bitartez erakarritako nazioarteko zientzilari gehienek (%70) Zientzia Esperimentaletan lan egiten dute, eta gainontzekoek Humanitateetan (%10), Gizarte-Zientzietan (%10), Medikuntza- Zientzietan (%5) eta Zientzia Teknikoetan eta Ingeniaritzan (%5). Hauxe da Ikerbasqueko “ikertzaile eredua”: 46 urteko europarra, unibertsitate ospetsu bateko doktore-titulua eta Europan nahiz Estatu Batuetan 15 urtetik gorako ikerketa-esperientzia duena, lan-taldeak lideratu dituena eta proiektuak aurrera ateratzeko Europar Batasunaren finantzaketa duena.
Ikerbasquek Eusko Jaurlaritzaren laguntza du bere jardunerako. Laguntza hori %25 gehitu da datorren urterako aurrekontuetan, eta horrenbestez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aurrekontuak zazpi milioi euro bideratuko ditu Ikerbasqueren jardunerako.
Euskadiko ikerketaren profila
Euskadik izaera klasikoko zientzietan (fisika, kimika eta materialen zientziak, nagusiki) oinarritutako zientzia-sistema du, baina azken urteotan, zeharkako eta diziplina-arteko beste jakintza-alor batzuetara (Biomedikuntza, IKT, Gizarte Zientziak eta Humanitateak…) hedatuz doan dibertsifikazioa gertatu da. Fisika eta Matematika bezalako oinarrizko zientzietatik abiatuta, ingeniaritzari lotutako Materialen Zientzia, Konputazioa, Elektronika eta Elektrizitatea, eta Ingeniaritza Kimikoa bezalako diziplinen espezialitate instrumentaletaranzko desplazamendua gertatzen ari da.
EHU/UPV da eragile zientifiko nagusia, eta honen ekarpena %60 eta %75 tartekoa izan daiteke sail desberdinen arabera. Ekoizpen hau bat dator ikertzaile-kopuruarekin: Euskadin I+G+b alorrean diharduten langileen %75, gutxi gorabehera. Jarraian, osasun-sistema eta ospitaleak daude, eta hirugarren postuan, Donostia International Physics Center (DIPC) izeneko BERC zentroa dago, Euskadiko I+G+b alorreko zentrorik produktiboena, ekoizpenari nahiz inpaktuari dagokionez. Bi euskal korporazio teknologikoen ekarpena %10 ingurukoa da.
Euskal zientzia sistemaren ikerketa-sare osoa hobeto bistaratuko da nazioartean, Ikerbasque Euskal Zientzia Fundazioak abian jarri duen ScienceCareers.eu atariaren bitartez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus