euskal diaspora eta kultura
2013/07/25
PUBLIZITATEA
Asuncion, Paraguai. Paraguaiko euskaldunek --eurekin batera euskal sukaldaritza maite dutenek eta gastronomizaleak oro-- aukera aparta izango dute uztailaren 25etik abuztuaren 3a bitartean Euskal Sukaldaritzaren plater esanguratsuenak dastatzeko Asunciondik mugitu gabe --Mendia ez badoa Mahomaregana, Mahomak joan behar mendira, esango luke beste harek--; eta ekimeneko chef protagonista den Iker Gonzalezek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, ez omen da nolanahiko aukera izango, ahalegin berezia egina baitute bai lehen-gai aldetik zein aurkezpen eta taxuketa aldetik, emaitza ahalik eta onena eta fidelena izan dadin, "Euskal Herrian bezala"koa izan dadin, kontuan izanik batzuetan ez dela aise Euskal Herririk hain urrun material batzuk topatzea. Baina "datozenak pozik irtengo direla uste dugu", adierazi digu apal antzean donostiarrak.
Euskal sukaldaritza molde tradizionala lantzen du sukalde lanetan ibilbide luze eta adierazgarria duen Ikerrek. Munduan barrena ibilia da, beste sukaldaritza tradizio eta moldeak ezagutzen, eta euskal sukaldaritzaren ordezkari izana da hamaika lekutan New Yorketik Buenos Airesera, tartean Gabon-go Librevillen, Kataluniako Bartzelonan, Errusiako Moskun edo Tailandiako Bangkoken, beste hainbat hiri eta herrialderen artean.
Honakoa Paraguaira datorren bigarren aldia da, iaz Sheratonen bertan izan baitzen, lehenengo Euskal Sukaldaritza Jaialdi baten arduradun. Izan ere, lortutako arrakastagatik ekarri dute aurten ere. Aukera honetan, koordinatu ahal izan du bertako Euskal Etxearekin, eta gaurko eguna, esaterako inguruko euskaldunen bilgarri ere izango da, Asunciongo Jasone Euskal Etxeak iragarri duenez, bere kideek, jakina, euren gisa gainerako egunetan ere ager badaitezke ere.
Hitzordua, gaur arratsaldeko 8:30etan Asunciongo Sheraton hotelean; eta oro har, uztailaren 25etik abuztuaren 3a bitartean, egunero, tenore horretan, buffet gisa.
-Iker Gonzalez Ayerne chefari, Asunciongo iazko aurkezpena dela-eta egindako elkarrizketa interesgarria, hemen: http://10000maneras.blogspot.com.es/2012/05/entrevista-al-chef-iker-gonzalez-ayerbe.html
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus