euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bildu, EAJ, PP eta PSEko ordezkariak hizlari Bartzelonako Euskal Etxean, "EH Avui" zikloaren baitan

2013/09/02

Bartzelonako Euskal Etxeak egitarau mardula aurkeztu berri du hilabete honetarako (argazkia BCNEE)
Bartzelonako Euskal Etxeak egitarau mardula aurkeztu berri du hilabete honetarako (argazkia BCNEE)

PUBLIZITATEA

Irailarekin batera ikasturte berriari ekin dio Bartzelonako Euskal Etxeak eta ekitaldiz jositako egitaraua aurkeztu berri du hilabete honetarako. Hiru gai nagusi izango dituzte jarduerek, elkarteak aditzera eman duenez: politika, mendizaletasuna eta musika. Horien inguruan antolatuko dira makina bat ekitaldi, hala nola Juanito Oiarzabal mendizalearen hitzaldia, Onna eta Gari musikarien kontzertuak eta Euskal Herriko hainbat alderdietako politikariekin topaketak, besteak beste, Bilduko Maribi Ugarteburu eta Alderdi Popularreko Arantza Quiroga.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxea indarberrituta dator oporretako etenaldiaren ostean eta ikasturteari hasiera emateko egitarau zabala prestatu du. Horrez gain, elkarteak "kulturaren aldeko apustua egiten" jarraituko duela adierazi du, "sektoreak pairatzen dituen murrizketen gainetik". Horren adierazle dira, Euskal Etxeak doan edo prezio herrikoietan eskaintzen dituen ekitaldiak.

Ekitaldi horien artean aipagarria da "EH Avui" solasaldi zikloa, bertan Euskal Herriko alderdi politiko eta zenbait herri ekimenetako ordezkariak izango direlarik. Zikloak ikuspegi desberdinetako gonbidatuak biltzea lortu du eta bertan izango dira, besteak beste, Bildu, PSE eta PPko ordezkariak.

Maribi Ugarteburu hizlari

Ekitaldiak ostiralean abiatuko dira, Juanito Oiarzabal mendizalearen hitzaldiarekin. Gasteiztarrak 2011ko udaberrian Lhotse mendira eginiko espedizioa izango du hizpide. "EH  a la Muntanya" zikloaren parte da ekitaldia. Biharamunean, larunbat honetan, Onna kantariak kontzertua emango du Euskal Etxean.

Irailaren 10ean elkarteak "EH Avui" solasaldi zikloa hasiko du. Aurreneko hizlariak "Gure Esku Dago" herri ekimeneko Iñigo Urrutia eta Zelai Nikolas izango dira. Irailaren 12an Bildu alderdiko Maribi Ugarteburuk hartuko du lekukoa. Irailaren 13an Roger Sallas eta Ricard Gonzalez mendizaleek "GR-11, el camí que ens uneix" hitzaldia emango dute eta irailaren 14ean Gari kantariak kontzertua eskainiko du Euskal Etxean.

Arantza Quiroga eta Andoni Ortuzar

Irailaren 18an "EH Avui" zikloaren hitzaldi berri bat hartuko du Euskal Etxeak, oraingo honetan Euskal Herriko Alderdi Popularreko presidente Arantza Quirogarekin. Irailaren 20ean Alex Txikon mendizaleak hitzaldia emango du eta 21ean Pau Alabajos eta Josu Bergara musikariek kontzertua eskainiko dute. Irailaren 27an Irati Anda mendizaleak emango du solasaldia eta 28an Sei urte taldeak doako kontzertua emango du. 

Urriaren 4an, "EH Avui" zikloaren baitan, EAJko buru Andoni Ortuzar izango da Euskal Etxean. Ziklo honen barruan ere, baina oraindik finkatu gabeko datan, PSEko ordezkari bat izango da hizlari Bartzelonako Euskal Etxean.

Informazio gehiago, Bartzelonako Euskal Etxearen blog-ean.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia