euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pellegriniko ikasleek gogotik gozatu zuten Magdalena Mignabururen 'Gure arropa' erakusketarekin

2011/04/07

Bisitariak 'Gure arropa - Nuestra ropa' erakusketan, Pellegrinin (argazkia MMignaburu)
Bisitariak 'Gure arropa - Nuestra ropa' erakusketan, Pellegrinin (argazkia MMignaburu)

PUBLIZITATEA

Astelehenean eta asteartean egon da ikusgai Argentinako Pellegrini hirian Magdalena Mignaburu adituak bildu duen euskal jantzi tradizionalei buruzko erakusketa. 'Gure arropa - Nuestra ropa' du izena eta bertan XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko hogei euskal jantzi tradizional biltzen dira. Asteartean Pellegriniko eskoletako neska-mutilak izan ziren bisitari, eta adi-adi entzun zituzten Mignabururen azalpenak. Askok euskal abizena dutela jakin zuten bertan, eta batek baino gehiagok, etxera heldu eta gurasoak bidali zituen erakusketa ikustera. Datozen egunetan 'Gure arropa' Pehuajó-n izango da ikusgai, Etxe Alai elkarteak antolatu duen Aberri Eguneko ospakizunen barruan.

Pellegrini, Argentina. Magdalena Mignaburu pozik agertzen da 'Gure arropa - Nuestra ropa' erakusketak Pellegrini-n izan duen harrerarekin. Hezitzaile eta ikertzaile euskal argentinarrak prestatu duen erakusketan Euskal Herriko zazpi probintzietako 20 bat jantzi historiko biltzen dira. Inaugurazioa joan den astelehenean egin zuten, hiriko agintariak bertan zirelarik. Egun bereziena, baina, asteartea izan zen, herriko eskoletako umeak izan zirelako bisitari.

"Zoragarria izan zen! Adin desberdinetako neska-mutilak etorri ziren, irakasleekin. Talde bakoitza heltzean, azalpentxo batzuk ematen nizkien, adinaren arabera azalduz erakusketako jantziei buruzko hainbat berezitasun, euskaldunak nortzuk garen eta non bizi garen", aipatzen du Mignaburuk.

Gure Arropa Mignaburu Pellegrini

[Ikasle talde bat Magdalena Mignabururen azalpenak entzuten, erakusketa ikusi aurretik (argazkia MMignaburu)]

Erakusketa ikusmiratu ostean eta jantziak gertutik ikusita, ikasleek hainbat galdera egin zizkioten Mignabururi. "Bukatzeko, bakoitzari bere abizena galdetzen nion eta batzuei euskal jatorria zutela azaldu nien", dio. "Oso pozik joan ziren, izan ere, etxera heldu zirenean, askok gurasoei erakusketa ikustera etortzeko esan zieten, eta horrela agertu ziren zenbait guraso ere".

Gure Arropa Mignaburu Pellegrini 2

[Haur hauek euskal jantziak jantzita agertu ziren eta lore sorta bat oparitu zioten Magdalena Mignabururi. Euren amak horrela agertu nahi izan zion ikertzaileari bere esker ona euskal etxe bat sortzeko hainbat aholku eta argibide emateagatik]

Bisitari bakoitzak erakusketari buruzko folleto bat jaso zuen, eta baita ere interneteko webgune zerrenda bat, gaiari buruz sakondu nahi duenarentzat. EUSKALKULTURA.COM webgune horien artean agertzen da.

Erakusketa euskal etxeetara eramateko prest agertzen da Mignaburu, eta berarekin harremanetan jarri nahi duenak e-maila idatz diezaioke helbide honetara: aurrera55@hotmail.com. Erakusketak Pehuajo-ko Euskal Etxean zabalduko ditu orain hurrengo ateak, hilabete honetan bertan, Aberri Eguneko ospakizunen barnean.

Erakusketari buruzko informazio gehiago, Magdalena Mignabururen webgune berrian: www.mignaburu.com.ar.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia