euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikasle eta irakasleek, lagun eta zaleek, denek batera ospatu zuten Argentinan Euskararen Nazioarteko Eguna

2012/12/07

Rocio Basterra eta Rosana Entizne, ENE saria jaso zuen Union Vasca euskal etxeko irakasleak, Euskararen Eguneko ospakizunean (argazkiakEE)
Rocio Basterra eta Rosana Entizne, ENE saria jaso zuen Union Vasca euskal etxeko irakasleak, Euskararen Eguneko ospakizunean (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Teknologia berrien garaian, abiadura handiz zabaldu dira aste honetan sare sozialetan euskararen aldeko mezuak. Baina euskaldunen hizkuntzak lortzen duena fenomeno birtual bat baino askoz gehiago da eta Argentinako euskal etxe askotan topaketak eta jaiak tarteko ospatu zuten euskaltzaleek Euskararen Nazioarteko Eguna. Zenbat dakigun ez da koska ezta kezka ere. Abenduaren 3aren helburua euskara eta euskaraz disfrutatzea izan da. Hori argi geratzen da hainbat euskal etxetan burututako ekitaldiei erreparatzen badiegu. Hona argazki laburpena.

Buenos Aires, Argentina. HABE institutuak eta FEVAk bultzatzen duten Euskara Munduan programari esker euskaldunen hizkuntza Argentinako euskal etxe askotara heldu da azken urteetan. Horrekin batera gero eta euskal-argentinar erakunde gehiago dira Euskara Nazioarteko Eguna ospatzen dutenak. Kasu askotan, gainera, klaseen amaiera eta oro har euskal etxeetan gauzatzen diren beste hainbat ekintzen urteko zikloaren bukaera ere ospatzen da topaketa hauetan. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, ospakizun horietako batzuen laburpena:

Ene Argentina I 2012 001

[Trenque Lauquengo Euskal Etxean, Mikel Ezkerrok hitzaldia eman zuen abenduaren 1ean, Euskararen Eguneko ospakizunen baitan. Urteari ‘agur’ esateko ere bildu ziren Euskal Sustraiak-eko lagunak. Menua, erreki eder bat]

Ene Argentina I 2012 03

[Chascomuseko euskal erakundean, berriz, euskarari buruz hitz egiteko ardura izan zuena La Platako Unibertsitate Nazionaleko irakurlegoko irakaslea izan zen. Abenduaren 1ean ere, ‘Euskara, Europan bizirik dagoen hizkuntza zaharrena’ izeneko mintzaldia eskaini zuen Idurre Lekuonak Zingirako Euskaldunak-en egoitzan. Gau berean, hitzaldiaren ondoko afarian, aipamen berezi bat egin zitzaion Estanislao Alfonsin pilotariari, Frantziako Tarbes hiriko Nazioarteko Txapelketan izandako bere partaidetza gogoangarriagatik

Ene Argentina I 2012 022

[Abenduaren lehenengo egunean baina arratsaldean elkartu ziren Euzko Etxea-ko ikasle eta irakasleak urteroko mateada (mate hartzea) burutzeko. Moreno plazako Gernikako Arbolaren ondoan, euskal piknik batekin ospatu zuten ENE La Platako euskaltzaleek (argazkia EE)]

[San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteko lagunek ere ospatu zuten Euskararen Eguna baina era berezi batean. Bideo hau grabatu zuten, beste erakunde batzuen artean Etxepare Institutuak sustatzen duen ‘Badu bada’ erakusketan aurkezteko]

Ene Argentina I 2012 04

[Bahia Blancako Union Vascako euskara ikasle eta irakasleak poz-pozik daude eta arrazoia ez da garrantzi gutxikoa. Euskal etxe honen euskararen arduradunek jaso berria dute Eusko Ikaskuntzak ematen duen ENE saria eurei egokitu zaiela aurten eta horrek dudarik gabe indar gehiago ematen die euskararen alde lan egiten jarraitzeko. Bitartean, abenduaren 3an bertan ospatu zuten Euskararen Eguna, mota askotako ekintzekin, tartean Euskal Garagardotegia, dantzak, kantak, danborrada, argazki nobela, jokoak eta karaokea. Ikasleek, gainera, ikasturteko agiriak jaso zituzten

Ene Argentina I 2012 05

[Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxean ere euskal abestiak eta karaokea ere entzun ahal izan zen 2012ko Euskararen Eguneko ospakizunean. Jai giro ederrean eta mikrofonoa eskuan, Cordoba hiriburuko euskal etxeko euskara ikasle eta irakasleek euren ahotsa jarri zieten abesti klasikoei. Aipatzekoa da Marita Echave sukaldariak zerikusi handia izan zuela erromerian eskainitako menuan (argazkiak EE)]

Ene Argentina I 2012 06 
[Cañuelaseko Denak Bat-eko kideek afari bat partekatu zuten Euskararen Eguna eta Urte Amaiera ospatzeko. Topaketan abesbatza eta dantzariak gailendu ziren bereziki. 2012ko ekintzak biltzen dituen bideo bat ere proiektatu zen festan]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia