Maipu, Argentina. Gauza asko ari gara ikasten pandemia garai honetan eta bat da teknologia berriak lagun onak izan daitezkeela eguneroko ekintzak etxetik atera gabe egiteko. Beste askok bezala, Maipuko Anaitasuna Euskal Etxeak 2020ko euskara klaseak birtualtasunera aldatu behar izan zituen eta aurten bi talderekin hasi du ikasturtea. Bietako eskolak maiputarrentzat aurrez-aurrekoak dira, Euskal Etxean, baina hirian ez dauden ikasleek online segitzen dituzte.
“Talde berrian –jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Alicia Ithurrat Euskal Etxeko lehendakariak– 21 ikasle ditugu: 10 argentinarrak dira, gehienak Maipukoak baina Mar del Platako bat eta Jaureguiko beste bat ere badaude. Bederatzi ikasle Perukoak, Trujilloko Euskal Etxekoak, dira eta beste bat AEBan dago”. Ithurratek azaldu digunez, klaseei buruzko informazioa sareetan argitaratu zutenean, berehala jarri ziren kontaktuan perutarrak –haien artean Wilfredo Lizarzaburu lehendakariordea– izena emateko.
“Maipun ez dauden ikasleak euren etxeetatik konektatzen dira baina Maipun gaudenok Euskal Etxean elkartzen gara”, azpimarratzen du Lehendakariak. “Lan handia egin du gure Zuzendaritza Batzordeak ikasgela egokitzen, badakigulako oso garrantzitsua dela leku eroso bat izatea eta batez ere, talde lana askoz hobea delako etxeko bakardadea baino”.
Nazioarteko talde hau urrats bat baino ez da munduari begira Anaitasunak hasi nahi duen ibilbidean. Beste proiektu batzuen artean, Susana Siccardi Ohaco euskara irakaslea truke jarduera bat ari da prestatzen, Euskal Etxeko txikienen eta Boiseko Ikastolako ikasleen artean. Susana Siccardi Anaitasuna-ko kide izateaz gain, FEVAk eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duten Euskara Munduan programako ikasle-irakaslea da.
Anaitasuna Facebook-en Centro Vasco Anaitasuna