euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

III. edizioarekin Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak EEak Urdaiazpiko Festa herriko jai egutegian ezarri du

2011/10/25

III. Urdaiazpikoaren Jaian, Amaren Eguna ere ospatu zuten Trenque Leuquen-era bildutako lagunek (argazkia EE)
III. Urdaiazpikoaren Jaian, Amaren Eguna ere ospatu zuten Trenque Leuquen-era bildutako lagunek (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko eta Argentinako bertoko ohiturak batzen zituen ekitaldia antolatzeko helburuarekin jaio zen duela hiru urte festa hau. Ondo jatearen arteak tradizio handia du Pirinio zein Panpako herrietan eta horregatik seguruenik, Trenque Lauquen herriko Euskal Sustraiak Euskal Etxeak proposatutako gonbiteak paregabeko harrera izan zuen komunitatean. Aurreko edizioek zabaldutako bideari jarraituz, aurtengo elkarretaratzean ere bost mila bat lagun bildu ziren etxeko janari on eta kalitate handiko ikuskizunaz gozatzeko. III. Urdaiazpiko Jaian zozketak ere egin ziren eta euren egunean, loreak banatu zituzten amen artean etxeko dantzariek.

Trenque Lauquen, Argentina. Joan den urriaren 15ean burutu zen Trenque Lauquen-en Urdaiazpikoaren Jaia. Hitzordua, Barrio Alegre Klubean izan zen gaueko 10etan. Festaren hirugarren edizio honetan ere, euskal etxeko kideek berek atondu eta prestatutako jakiak eskaini zitzaizkien gonbidatuei, tartean, etxeko urdaiazpikoa, txerrikiak, entsalada eta tartak. Edariei dagokienez, nobedade bat aurkeztu zuten antolatzaileek, San Juango ardoa zuzenean kupeletik zerbitzatu baitzen.

Trenque Lauquengo III Urdaiazpiko jaia 2011 01

[Bostehun bat lagun bildu ziren III. Urdaiazpikoaren Jaian (argazkiaEE)]

Jatekoaz gain, ikuskizun bat ere partekatu ahal izan zuten lagunekin Barrio Alegre Klubera hurbildu zirenek. Bere sketch eta 'antzeratzeekin', Beto Moya umoristari egotzi zitzaion gauari barre algara batzuk ateratzeko ardura. Eta lortu zuen, nonbait, aldarte ona gailendu baitzen ekitaldiaz. Izan ere, poz-pozik eskuratu zituzten sariak zozketen irabazleek. Felipe Arrastuak urdaiazpikoa bereganatu zuen eta Claudia Fernandez Quintanak San Luis probintziako Merlora joateko bi txartel.

Jaiaren biharamunean --  hau da, urriaren 16an -- Amaren Eguna ospatzen zenez Argentinan, euskal etxeko dantzariek krabelinak oparitu zizkieten festan parte hartu zuten ama guztiei.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia