euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

II. Internet Egunak bideokonferentzia bidez parte hartzeko gonbitea luzatzen die euskal Diasporako kideei

2007/05/14

Internet Egunaren kartela
Internet Egunaren kartela

PUBLIZITATEA

Ostegun honetan Tolosan (Gipuzkoa) Euskal Herriko II. Internet Eguna egingo dute, Internet&Euskadi elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta KZguneak antolatuta, besteak beste. Jaiaren helburua euskal hiritarrak interneten mundura erakarri eta teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnak erabiltzen eta profitatzen ikastea da. Aurten, gainera, antolatzaileek Diasporaren parte hartzea bultzatu nahi dute eta horregatik mundu osoko euskal internetzaleei --'birtualki' bada ere-- Tolosan egoteko gonbitea luzatu diete, bideokonferentzia bidez hitzegin edota online jokoetan aritzeko.
Ostegun honetan 2007 Internet Eguna egingo da Tolosan Internet&Euskadi; elkarteak antolatuta eta hainbat erakunde eta enpresen babesarekin: Tolosako Udaletxea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Enpresa Digitala, KZgunea, Euskaltel, Vocento, Mendikoi, Eusko Legebiltzarra, Euskadi Digital eta Fidenet. Egun osoan zehar jarduera desberdinak egingo dituzte Tolosako Tingladoan: bertan ordenagailuak jarriko dituzte bertaratzen direnek erabili ahal izan ditzaten eta interneteko azken tresna eta teknologiak erabiltzen ikasteko ikastaroak eta mintzaldiak emango dituzte, besteak beste. Jaia bertaratzen diren euskaldun guztientzako irekia izango da, baina baita Diasporatik eta Euskal Herritik kanpo parte hartu nahi dutenentzat ere.

'Diasporako euskaldunek ere jaian parte hartzeko aukera izan dezaten nahi dugu, horretarako oso baliogarriak direlako internet eta teknologia berriak. Denbora tartea nahiko estua da, baina parte hartu nahi dutenei gurekin harremanetan jartzeko gonbitea luzatu nahi diegu', azaldu dio BasqueHeritage.com-i KZguneko Txomin Alkortak. Parte hartzeko bi modu aipatu dituzte antolatzaileek. Batetik Skype sistemarekin egingo diren bideokonferentzien bidez. 'Euskal Herritik kanpo dagoen jendearekin kontaktatuko dugu bideokonferentzia bidez eta bere familia eta lagunekin hitzegiteko aukera izango dute. Parte hartzaileen artean, adibidez, Edurne Pasaban mendigoizalea egongo da. Orain Himalayan zortzi milako bat egin nahian dabil eta bere amarekin hitzegiteko aukera izango du.'

Parte hartu nahi duten Diasporako euskaldunen kasuan, Skype sistema eta interneta duen ordenadorea edukitzea beharrezkoa da eta antolatzaileekin lehenbailehen harremanetan jarri beharko dira, bideokonferentzia koordinatzeko. Internet Egunean parte hartzeko beste bide bat antolatzaileak prestatu duten partxis txapelketaren bidez litzateke. 'Euskal Herriko taldeekin partida bat egingo dugu eta Diasporako jendeak interesa balu Euskal Herritik kanpokoekin ere beste bat egin genezake', azaltzen du Alkortak. 'Edonola ere, osteguna gainean dugu eta parte hartu nahi duenak lehenbailehen mezua bidali behar du kz-sl@kzgunea.net e-mailera'.


Lotura interesgarriak

Internet Eguneko egitarau osoa
www.enpresadigitala.net

KZgunea
www.kzgunea.net

Bideokonferentzia bate batu zituen Segura eta Buenos Aires
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia