euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igotz Ziarreta, Durangoko 42. Azokako afixa irabazlea: 'EuskalKultura.com-en bidez izan nuen lehiaketaren berri'

2007/10/08

2007ko Durangoko Azokako kartela
2007ko Durangoko Azokako kartela

PUBLIZITATEA

Gerediaga Elkarteak, Durangoko Azokoren antolatzaileak, atzo aurkeztu zuen aurtengo euskal disko eta liburu azokaren edizio berriko kartela izango dena. Lehiaketa egin dute aurten diseinua aukeratzeko eta irabazlea 'Jantzi euskara' leloa duen lana izan da: Olentzero biluzik, azokako liburu eta disko artean aurtengo opariak aukeratzeko prest. Igotz Ziarreta, Bartzelonan bizi den meñakarra, da kartelaren egilea. Ziarretak EuskalKultura.com-en bidez izan zuen lehiaketaren berri eta azokaren historiaren parte bihurtzea 'kristolakoa' dela dio. 'Nire bizitzaren parte da azoka. Urtero noa, txikitandik, elizaren arkupetan egiten zenetik', aitortzen du.
Aurtengo Durangoko Azokaren kartela Bartzelonan bizi den euskaldun baten lana izango da. Igotz Ziarreta meñakarra diseinatzaile grafikoa da eta Bartzelonako Euskal Etxearen bloga kudeatzen du. Olentzero disko eta liburu artean biluzik agertzen duen kartelarekin irabazi du 2007ko Durangoko Azokaren kartelaren lehiaketa. Lehen aldiz antolatu du lehiaketa hau azokaren ardura daraman Gerediaga Elkarteak, eta erantzuna oso ona izan da. 45 lan jaso dituzte guztira, horietatik 19 gainera Euskal Herritik kanpo eginak: Bartzelona, Buenos Aires, Ceuta, Huesca edota Madril bezalako lekuetatik iritsiak.

'Hain zuzen ere, EuskalKultura.com-en bidez izan nuen lehiaketaren berri', azaltzen du Ziarretak, 'eta buruari bueltak ematen hasi nintzen. Ni urtero joaten naiz Azokara eta Gabonetako opariak bertan erosten ditut. Azoka egiten den garaietan Olentzero zertan ibiliko ote den pentsatzen hasi nintzen, eta ideia hori erabili dut'. Kartel irabazlearen leloa 'Jantzi euskara' esaldia da eta epaimahaiak bere erabakian leloaren egokitasuna, kartelaren indar bisuala eta Olentzero bezalako pertsonaia tradizional bat azokaren ingurunean kokatzea baloratu ditu.

[Igotz Ziarrretaren argazki bat, bere lanak biltzen dituen webgunean]

Ziarretak Bartzelonan egiten du lan diseinu grafikoan eta argazkilari eta programatzaile gisa. Euskal Etxearen webgunearen kudeaketa lanetan elkarte honek antolatzen dituen hamaika ekitaldi eta jaialdietarako kartelak egin ditu: EH Sona!, Literaldia, Zinemaldia, EH á la Mercé... Estilo berezi eta originalean denak. Bere diseinu eta argazkiak Euskal Etxearen blogean edo bere webgune pertsonalean, www.igotz.org, ikus daitezke. Bestalde, webguneen diseinuak Deabruak Studioaren helbidean, www.deabruk.com-en daude.


Lotura interesgarriak

Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azoka www.durangokoazoka.com

Bartzelonako Euskal Etxearen bloga
http://blog.euskaletxeak.org

La Mercéko jaiak Bartzelonako Euskal Etxearen eskutik
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 14an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia