Trelew, Argentina. Lutheria eta euskal musika tresnak interesatzen zaizkizu? Ignacio Esquiroz musikako goi-mailako irakaslea da, hezkuntzan lizentziaduna, kultura-kudeatzailea eta Lutherian diplomaduna. 2013ko Gaztemundun Euskal Herrira bidaiatu eta albokak egiten espezializatu zen. 2021ean Chubuteko Ipar-ekialdeko Euskal Etxearekin batera, Euskal Organologiari buruzko hitzaldi-ziklo bat antolatu zuen, Euskal Herriko musika-tresnak ezagutarazteko asmoz, lehenengo topaketak Trelew-ko Arte Irakaskuntzako Goi Mailako Institutuko Liburutegian eginik. Joan den larunbatean, martxoaren 26an, hitzaldi birtual bat eman zuen, FEVAk antolatuta, Argentona osoko partaideekin.
Zikloaren proposamena Euskal Herriko musika tresna ugari eta anitzetara hurbiltzeko “ibilbide organologiko bat” egitea da, tartean daudela esaterako trikitixa, txalaparta, alboka, txistua, xirula eta ttun-ttuna, zarrabetea eta dultzaina. Tresna bakoitzaren materiala, diseinuen jatorria eta testuinguru soziokulturalak azaltzen ditu. Eta jatorrizko Euskal Herriko tresnak eta Euskal Herriak beste kultura batzuetatik hartu eta egokitutako tresnak ere aztertzen ditu.
Esquirozekin oso pozik agertu zaio EuskalKultura.eus-i bere proposamenak izan duen harrerarekin, bai ateak ireki dizkioten erakundeen aldetik, bai publikoaren aldetik, izan bailarako komunitatea zein euskal etxeetako publiko birtuala. “Saio positiboak eta aberasgarriak izan dira oso”, azpimarratzen du. Hitzaldiak modua ireki eta parte-hartzailean planteatzen ditu eta bertaratzen direnek ekarpenak egin ditzakete. Esaterako, bailaran Galesko ondorengo asko dago eta topaketa batean, albokaren eta Galesko pibgorn izeneko instrumentuaren arteko konparazioa harrigarria plazaratu zela kontatzen du.
Hurrengo hitzaldietarako datak oraindik zehazteke, 2022an zehar proiektuarekin jarraitzeko asmo sendoa du, interesa nabaritzen duelako eta proposamen original honi arreta ipini dion publiko interesatua topatu duelako. Ez du zalantzarik Iñakik "musika topagune eta interes partekatu garrantzitsua" dela, "tresna egokia, euskal kultura mundu osoan sustatzeko", diosku.