euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ignacio Cloppet argentinarra Evita eta Peronen arbaso euskaldunei buruzko liburua aurkezten ari da Iparralden

2011/04/04

Ignacio Cloppet argentinarra 'Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte' liburuaren aurkezpen batean, Argentinan (argazkia ICloppet)
Ignacio Cloppet argentinarra 'Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte' liburuaren aurkezpen batean, Argentinan (argazkia ICloppet)

PUBLIZITATEA

'Los orígenes de Juan Perón y Eva Duarte' liburuak pertsonaia historiko hauen arbaso euskaldunen berri ematen du, eta hirugarren edizioa ari dira prestatzen dagoeneko Argentinan. Aste honetan Euskal Herrian da liburuaren egilea, Ignacio Cloppet, eta aurkezpenak egingo ditu Baionan eta Lapurdiko eta Nafarroa Behereko zenbait herritan. Herri horietatik joan ziren Argentinara Evita eta Peronen arbasoak eta agian aurkezpen hauei esker baten batek Ameriketako lehengusuen artean aurkituko du bikote historiko hau. "Gustura asko joango nintzateko liburuari buruzko hitzaldiak ematera Argentinako euskal etxeetara", esan dio Cloppetek Euskalkultura.com-i, Euskal Herrian zehar bira hasi aurretik.

Bilbao, Bizkaia. Gaur astelehen eguerdian heldu da Euskal Herrira Ignacio Cloppet argentinarra. Datozen egunetan Baionan eta Iparraldeko beste zenbait herrietan izango da Cloppet, 'Los orígenes vascos de Juan Perón y Eva Duarte' liburuaren aurkezpen bereziak egiten. Zinez bereziak izango dira aurkezpenak, izan ere, herri hauetatik atera baitziren orain hiruzpalau belaunaldi Evita eta Peron ezagunen arbasoak. Eta Cloppetenak ere bai. Cloppet Evitaren familiakoa baita, aitaren aldetik. Bidaia hunkigarria izango da beraz. Euskalkultura.com-ek idazle argentinarrarekin hitz egin du.

-Zer dela eta erabaki zenuen 'Los Orígenes de Juan Perón y Eva Duarte' bezalako liburu bat idaztea?

Badira hainbat arrazoi. Batetik, Argentinan joan den mendearen bukaeran Peronen jaiotze lekua eta data zalantzan jartzen zuen bertsio bat sortu zelako. Bestetik, Eva Duarteri dagokionez, historialari eta komunikabide batzuek bertsio interesatuak sortu zituztelako bere jatorriari buruz.

Guzti honi batuta, nire aitaren familiak bikotearekin harremana izan zuen --nire aitona Alejandro Santiago Cloppet eta Celia Catalina Elgoyhen Duarte emaztearen bitartez--, eta hori dela-eta badira nire arbasoek jaso zituzten zenbait dokumentu eta idazki. Hein handi batean horiek guztiak erabakiorrak izan ziren Peron eta Evitaren jatorriei buruzko datu berriak eskaini ahal izateko.

-Ze famili-harreman duzu Evitarekin?

Nire birramona Maria Duarte de Elgoyhen, Juan Duarte Evitaren aitaren arrebetako bat zen. Beraz, bere alaba Celia Catalina Elgoyhen Duarte de Cloppet –nire amona– Evitaren bigarren lehengusua zen. Zentzu honetan, Evitaren aitaren aldeko aitonak nire herenaiton-amonak ziren. Hori dela eta, oso erakargarria izan zen niretzat Evitaren sustraiak ikertzea, hein batean nire sustraiak ere badirelako.

-Zer datu berri eskaintzen du liburu honek Peron eta Evita bezalako pertsonaia ezagunei buruz?

Liburu honek euren bizitzak ikertu zituztenek ez zekizkiten ekarpen asko egiten ditu. Argitaratu gabeko 42 dokumentu jaso ditut: bataio-aktak, argazkiak, dagerrotipoak... , baina askoz gehiago ere kontsultatu ditut. Hasteko, Peroni dagokionez, bere familiari buruzko datu asko zehaztasunez jasotzen dira eta orain arte ezezagunak ziren beste batzuk eskaintzen ditut. Bere familiaren adar batek -Dutey-Bergouignantarrak- Euskal Herrian du jatorria, zehatzago Nafarroa Beherean, Baigorrin eta Bankan. Bertan jaio ziren bere birraiton-amonak eta handik Rio de la Platara joan ziren. Montevideora heldu zirela aurkitu genuen, eta ondoren tarte labur batean Paysandu-n izan zirela (bertan jaio zen Dominga Dutey Bergouignan, bere amona). Ondoren Argentinara joan ziren eta han familia zabala sortu zuten. Liburuan azaldu egiten ditugu garai haiek eta euren bizitza.

Eva Duarteri dagokionez, liburuak, lehen aldiz, bere aitaren aldeko familiaren Europako adar kontinentala argitzen du (amaren aldeko adarraren jatorria -Ibarguren- aurkitu beharra daukat oraindik, Hego Euskal Herrian). Uhartarren aldetik (hori baita jatorrizko abizena, Uhart), Francisco, aitona, Behaskañe-Laphizketako Oihanto etxekoa zen. Francisco eta bere anaia Domingo joan ziren Rio de la Platara.

Cloppet Evita Duarte

[Ignacio Cloppet Eva Duarteren jaiotetxean, Los Toldos herrian, bisita-liburuan sinatzen (argazkia ICloppet)]

Maria Manechena Etchegoyen amonari dagokionez, badakigu Zudairekoa zela. Aurkikuntza hauez gain, liburuak Duartetarren (Uhart abizena gaztelaniara ekarri zuten) bizitzako datu errealak eskaintzen ditu eta argitu egiten ditu historialariek, zineak eta musikalek faltsututako Evitaren bizitzako zenbait datu. Horren adibide bat da bere aita Juan Duarteren gaubeilan gertatu zena, liburuan argitzen duguna.

-Nola lortu zenuen bien arbaso euskaldunak aurkitzea?

Urteak eman ditut ikertzen eta etapa desberdinak izan dira. Evitaren kasuan, arestian esan bezala, bere arbasoak nireak ere badira, eta aiton-amonen kontakizunetan oinarritu nintzen. Peronen kasuan bere senitarteko batzuekin kontaktatu ahal izan nuen (Liliana Vazquez eta Silvia Garcia Toledo), eta eurek zuten informazioa eman zidaten. Begiratu nituen beste iturriak, eliz-barrutietako liburuak, Argentinako FamilySearch, Montevideo eta Buenos Aireseko portuetako bidaiarien sarrera datuak... izan ziren.

Baina, Euskal Herriko jatorria aurkitzeko giltza izan zirenak Marie Michele Esponde eta Philippe Irigoyen ikerlariak izan ziren. Aipatu egin nahi ditut ere Jean Claude Jaureguy, Francois Javier Bergouignan, Patrick Rezola, Roger Delagliere, Christiane Bidot-Naude eta Noel Elorga. Euren ekarpena itzela izan da.

-Evitaren eta Peronen Iparraldeko familiekin harremanetan jarri ahal izan duzu?

Egia esan ezin izan dut. Ez dakit oraindik ere senideak ote dituzten hemen. Baietz uste dut. Kontuan izan behar dugu orain gutxi jakin dugula jatorri honi buruz eta, aurkikuntza honen argitan, izango da agian euren lehengusua dela aurkituko duenik.

-Euskal Herrian lehen aldia duzu? Zer suposatzen du bidaia honek zuretzako?

Ez da nire lehen aldia. Duela hamar urte etorri nintzen lehen aldiz, Buenos Airesko Salvador Unibertsitateko 40 ikasleren buru. Inpresio oso berezia izan nuen, niretzako nire iraganaren parte bat aurkitzea izan baitzen. Odol desberdinen nahasketa dut, %50a euskalduna: Mendatakoa, Gernika aldeko Uruburutarren aldetik, eta Zudairekoa Elgoyhen-Duartetarren aldetik. Bidaia berri honek itxaropen handia sortu dit, batez ere nire arbasoak, eta Peronen eta Evitaren arbasoak jaio eta bizi izan ziren herri horietan, etxe horietan egongo naizelako.

-Non eskura daiteke liburua?

Liburua Madrilgo Marcial Pons liburudendan dago salgai. Espainia eta Frantziarako banatzailea Catriel S.L. enpresa da.

-Gai honi buruzko hitzaldirik emango al duzu Argentinako euskal etxeetan?

Ni, gonbidatzen nauten leku guztietara noa. Liburua bigarren edizioa agortzen ari da eta hirugarrena aurki plazaratuko da. Madrilen aurkeztu dut oraintxe eta irailean Erroman aurkezteko proiektua dugu. Nire herriko euskal etxeek gonbidatzen banaute, gustura asko joango naiz hitzaldiak ematera.



Komentarioak

  • philippe.irigoyen@orange.fr

    Ene gustoz, Ignacio Cloppek ez du aski erran nik egin duten lanaren gainean. Nere xerkamendiak gabe, bere liburua ez zuen aterantzen ahal izanen. Neork ez zuen atxemaiten ahal nor ziren Eva Duarte-Peronen eskual herriko arbasoak. Nik menturaz ukan dut bertzek baino suerte aundiagoa, bainan ez niz biziki content hola ahantzia izaitea.

    Philippe Irigoyen, 2011/04/10 08:05

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia