euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ignacio Baña Barquin: “Trikitixa jotzean, polita da jendea nola alaitu eta dantzatzera animatzen den ikustea”

2014/10/06

Ignacio Baña Barquin
Ignacio Baña Barquin

PUBLIZITATEA

Buenos Aireseko Laurak Bat-eko familia ezagun batean jaio arren, lotura propioa sortu du Ignacio Baña Barquin-ek erakundearekin: txikitan hasi zen dantzari eta gaur egun dantzatzeaz gain bertako musikari bihurtu da. Trikitilari eta biolinista, Ignacioren ametsa, etorkizun batean, bere erreferenteak diren Kepa Junkera, Joseba Tapia edota Iker Goenaga bezalako artistekin jotzea litzateke. Bitartean, eta 22 urterekin, Arkitektura ikasten du Buenos Airesko Unibertsitatean eta maketa eta entseguen artean banatzen du denbora.

Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. Argentinako euskal diasporako gazte mota baten profila irudikatzen du: euskal etxe baten barruan jaio eta bertan geratu eta haztea erabaki dutenena. Euskal erakundearekin duen harremana eta konpromisoa bere beste pasioarekin lotu zuen Ignaciok; eta hamar urtez biolina jo ondoren, trikitixa ikasi zuen.

-Zergatik aukeratu duzu trikitixa?

-Izugarri gustatzen zaidalako; doinua bestelakoa da, sarkorra, eta primeran geratzen da dantzak laguntzeko jotzen denean. Oso polita da, gainera, nola jotzen duten ikustea… horrek ere bultzatu ninduen tresna hau aukeratzera. Bitxia da beste akordeoiak ez zaizkidalako hainbeste gustatzen baina trikiak “burua zabaldu dit” beste tresna batzuk hobeto ulertzeko.

-Laurak Bat euskal etxeko kide zara, zein da zure lana bertan?

-Musikaren arloan, dantzariak laguntzen ditut euren emanaldietan. Iaz, adibidez, Villa Mariako Euskal Astean beraiekin jo nuen. Ez da oso harreman formala, esan daiteke ‘nire kabuz’ egiten dudan zerbait dela. Euskal dantza, zuzeneko musikarekin gustatzen zaidalako egiten dut, batez ere, trikitixarena bada. Horretaz gain, txikitan dantza taldean hasi nintzen, Mauro Uranga zuzendarin, eta berarekin jarraitzen dut gaur arte.

-Euskal etxearekin duzun harremana familiarengandik datorkizu...

-Are gehiago, nire aiton-amonak, Jose Miguel Barquin y San Martin eta Amaya Apoitak, bertan ezagutu zuten elkar, biak dantzariak ziren eta guk haiek hasitako tradizioari jarraitzen diogu.

-Zer da zuretzat euskal musika?

-Zaila egiten zait definizio jakin bat ematea, baina ongi esan diezazuket zer den euskal musikak egiten duena: kolektibitateari poza eta erritmoa eman. Eta euskal kulturak bizirik irautean hizkuntzaren rola funtsezkoa izan den arren, esango nuke musika ere hor egon dela beti. Uste dut baliabide onena dela nortasuna indartzeko eta jendearen arteko loturak sendotzeko. Eta Euskal Herriak jakin izan du bere musika mantentzen. Euskal musika indartsua da, hautsezina. Niri musika asko gustatzen zait, eta batez ere musika folklorikoa; gustuko dut ikustea nola alaitzen den jendea, nola ateratzen den dantza egitera. Agian egozentriko samarra naiz, baina sentsazio ederra da ikustea nola jendearen umorea alda daitekeen nik jotzen dudan musikarekin.

-Oso gaztea zara, baina ziur aski bereziki gogoan duzun esperientziaren bat izango duzu, tauletan bizi izandakoa…

-Gehien markatu nauen esperientzia tauletara igo nintzen lehenengo aldia izan zen, Bernasconi eskolako antzokian, Laurak Bat-en 130. urteurreneko ospakizunean. Egun hartan biolina jo nuen. “Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du” jaialdietan beti jotzen dut, eta lehenengo aldia oso garrantzitsua izan zen niretzat, Ixilik taldearekin egindako aurkezpena. 2012koan berriro ere jo genuen, orduan Chascomuseko Augusto eta Jerónimo Infante dantzari eta musikariekin. Cordobako Baietz taldeko lagunekin ere jo izan dut.

-Ikusten da harremanetan zaudela Argentinako gainerako euskal etxeetako musikariekin.

-Bai! Aipatutakoez aparte, iaz Mar del Platako Juan Manuel Hiriart eta Aitor Hormaechea-rekin jotzeko aukera izan nuen. Eta 2013ko Gaztemundu programan, musikari eskainitakoan, parte hartu nuen eta hango neska-mutilekin ere kontaktuan nago. Bestalde, Euskaltzaleak-eko Iñaki Eskirotz-ekin proiektu txiki bat bideratzen ari gara... Zorionez, esan daiteke harreman polita daukagula gure artean.

-Gaztemundu aipatu duzu, nolako esperientzia ian zen?

-Bikaina eta indar-emailea. Jende asko ezagutu nuen, musikari apartak, gasteiztarrak baina baita argentinar eta txiletarrak ere. Egun ahaztezinak izan ziren, itsuan errepikatzeko modukoak. Euskal Herrian bertan erromeria batean zuzenean izatea… ez da eguneroko gauza.

-Eta nola animatuko zenituzke euskal etxeetako gazteak euskal musika jotzen hastera?

-Ezer baino lehen esango nieke beldurrik ez izateko. Argentinan euskal musika ez da oso ezaguna, baina oso mundu interesgarri bat aurkituko dute, musika-kultura oso aberatsa… ez dira damutuko.

-Bukatzearren, ze lortu nahiko zenuke musika arloan?

-Musikatik bizitzea gustatuko litzaidake baina badakit oso zaila dela… nire erreferente direnekin jotzea gustatuko litzaidake… Kepa Junkera, Tapia eta Leturia, Iker Goenaga, Xabi Aburruzaga, Alaitz eta Maider, Korrontzi taldekoekin… ohore handia izango litzateke eta aukera paregabea haiengandik ikasteko; badut oraindik ere gauza pilo bat ikasgai. Autodidakta izanik, gainera, bizio ugari ditut eta landu behar ditut… Baina beno, azken finean, helburua ‘zarata pixka bat’ ateratzea da, ezta?

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia