euskal diaspora eta kultura
2009/07/10
PUBLIZITATEA
Santiago, Txile. Uztailaren 6an eztanda egin zuen San Fermin festak Iruñean. Nafarroako hirian festa egun luzeak bizitzen ari dira baina ez dira bakarrak. Munduko nafar eta euskal etxe askotan ere San Ferminen omenezko jaia egiten da. Batzuek entzierro eta guzti antolatzen dute eta beste batzuen kasuan berriz, jai handia egiten da bazkari edota afari on baten inguruan.
[Datorren igandeko San Fermin programa iragartzeko Santiagoko Nafar Etxeak egin duen bideoa, bere webgunean ikusgai, aldi berean etxeko musika talde berriaren aurkezpena eginez]
Sanferminak ospatzearen tradizioa urtero jarraitu dute besteak beste Argentinako Euskal Etxe askok. Aurten lehenengoz bertan behera utzi dira ospakizunak. Gobernuak hiritarrei eskatu die jende bilkurak ekiditeko A/H1N1 birusaren zabaltzea dela eta. Honela, esaterako, Hego Ameriketan dauden sei nafar etxeetako bosten kasuan, bertan behera utzi beharko dituzte iragarrita zeuzkaten programak. Txilen berriz gobernuak egoera kontrolpean duela adierazi du beraz, Nafar etxekoek lasai egingo dute igandean San Fermin jaia.
Santiagoko Nafar Etxeak urtero egiten du bere San Fermin festa. Aurtengoan datorren igandean izango da uztailak 12, hiriburuko Estadio Espainoleko 'Salón de los Reyes' delako aretoan. Eguna Tafallako Jose Goyena apaizak egingo duen mezarekin hasiko dute 11:00etan. Meza bukatzean, dantza taldeak erakustaldia egingo du Nafar Etxeko musika taldearen laguntzarekin. Ondoren, 14:00etan, bazkaria hasiko da. Giroa berotzeko musika eta dantzak izango dira Nafar Etxeko taldeen eskutik. Gainera bazkarian zehar 2009ko mus txapeldunei saria emango zaie. Bazkarira joan ahal izateko tiketak aurrez erosi beharko dira, hamar mila pesoko prezioan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus