euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean New Yorkeko Eusko Etxean egingo den hitzaldia internet bidez mundu osoan ikusi ahal izango da

2011/09/30

New Yorkeko Euskal Etxearen webguneko irudi bat
New Yorkeko Euskal Etxearen webguneko irudi bat

PUBLIZITATEA

Internet Diasporako euskaldunentzako aurrerapen itzela izan da eta informazioa eskuratzeko eta elkarren berri izateko tresna ezinbestekoa bihurtu da azken urteotan. Aurretik beste euskal etxe batzuek jorratutako bideari eutsiz, orain New Yorkeko Eusko Etxea komunikazio hori pauso bat haratago eramateko bidea urratzen hasi da: igande honetan Eusko Etxean egingo den hitzaldi bat mundu zabalera emitituko du, telebista bailitzan, internet bidezko streaming webgune baten bidez. Ricardo Riverak emango du hitzaldia eta izenburua 'Making friends in Basque' da. Adi igandean, beste euskal elkarteetara zabaltzeko esperientzia polita izan daiteke eta! Bestalde, Eusko Etxeak Angela Mejias argazkilariaren 'Geroa eta Itxaropena' (sic) erakusketa aurkeztuko du igandean, hitzaldiarekin batera.

New York, AEB. New Yorkeko Eusko Etxean hitzaldia emango du igande honetan Ricardo Rivera hizkuntzalariak. Euskararen hizkuntz-politika eta gaur egungo euskararen estandarizazio prozesua izango ditu hizpide Riverak, 'Making friends in Basque' izenburupean. Hitzaldia arratsaldeko lauetan hasiko da (gaueko 10ak Euskal Herrian) eta ondoren pintxo eta ardo dastaketa bat egingo da euskal elkartean.

Hitzaldi hau kari, Eusko Etxeak ekimen oso interesgarria jarri du abian: internet bidez emitituko du solasaldia, elkartera bildu ezin diren bazkideek eta mundu osoan interesa izan dezaketen lagun guztiek ere ikusteko aukera izan dezaten.  Horretarako nahikoa da UStream izeneko webgunera jotzea eta New Yorkeko Euskal Etxearen kanalean izena ematea. Esan bezala, arratsaldeko lauetan zuzenean (gaueko 10ak Euskal Herrian) jarraitu ahal izango da bertan hitzaldia.

Angela Mejias-en argazki erakusketa

Bestalde, eta Ricardo Riveraren hitzaldiarekin batera, eta leku berean, Angela Mejias argazkilariaren 'Geroa eta Itxaropena' erakusketa zabalduko du Eusko Etxea of New York-ek (EENY). Extremaduran jaioa eta Hendaian hazia, Euskal Herrian bizi izan da geroztik. Argazkilari gisa Algeria eta Saharan izana da korrespontsal France Press agentziarentzat eta kolaboratzaile izan da besteak beste Le Monde Diplomatique, L'Observateur edota, Euskal Herrian, Egin, Egunkaria, Gara, Le journal du Pays Basque eta Berria egunkarietan. Begiradak-en sortzaileetarik da Angela Mejias, Ipar Euskal Herriko argazkilari profesional eta amateurrak biltzen dituen elkartea.

'Geroa eta Itxaropena'n egileak bere ikusmoldea ematen du tradizioak eta modernitatea nola uztartzen diren Euskal Herrian azalduz. Proiektu hau Iparraldeko Euskal Kultur Erakundearen (EKE) laguntzaz egina da eta asmoa Diasporako beste euskal etxe eta elkarteetan erakustea da; elkarte horietako bateko kide bazara eta erakusketa zeureganatzeko interesa baduzu, kontaktatu Euskal Kultur Erakundea.

-Euskal Etxea of New York: www.newyorkbasqueclub.com
-Angela Mejias-en webgunea: http://angelamejias.com
-Euskal Kultur Erakundea:
www.eke.org



Komentarioak

  • Ibon Santiagori

    Kaixo Ibon. Gehitu dugu dagoeneko zuk aipatzen duzun informazioa eta seguruenik, pribatuan esan dizugun bezala, beste artikulu bat ere eskainiko diogu argazki-erakusketa horren proposamenari. Mila esker eta aurrera New Yorkeko euskaldunak.

    EuskalKultura.com idazmahaia, 2011/10/01 22:47

  • biharko hitzaldia

    Kaixo, New Yorkeko Euskal Etxeko kide bat nauzu. azken minutuko gauza den arren, eskertuko nizuke artikulu honetan Angela Mejias argazkilariaren erakusketa iragarriko bazenu. Montrealeko Euskal Etxeko urteurrenenean aurkeztu zuen Mejias-ek bere "Geroa eta Itxaropena" erakusketa. Montreletik New Yorkera bidaiatu du Angelak, igandean bertan, hitzaldi ostean edo lehenago, bere erakusketa New Yorkeko EUskal Etxean aurkezteko. Argazkien gaia tradizioa eta modernitatearen arteko uztarketa da gaur egungo Euskal Herrian. Mila esker

    Ibon Santiago, 2011/10/01 21:12

  • Streaming-a

    Emendatuko dugu, Estatu Batuetan, NYeko honetaz gain, bertako euskal etxeek eginak dituztela honelako ahalegin eta eskaintza publiko batzuk, esaterako San Frantziskok eta NABOk berak: azkeneko NABO bileretan, esaterako, erakundeak bilerak streaming bidez segitzeko aukera eman du, eta izan ere aukera baliatu dute normaltasunez, fisikoki bertaratzerik ez zuten bazkideetako batzuk; geu ere EuskalKultura.com gisa 'presente' egon gara bilera horietako batzuetan, streaming bidez. Mila esker, Bartzelona, ederra izan daiteke diozutenarekin aurrera egitea.

    EuskalKultura.com idazmahaia, 2011/09/30 11:44

  • ederra!

    oso ideia ona. gu bueltak ematen ari gara duela hilabete batzutatik nola gauzatu horrelko zerbait. Zorionak!!!

    Bartzelonako euskal etxea, 2011/09/30 11:03

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia