euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean Maiatzeko Etorbidea festaz jantziko da, hemen baita 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai'ren 11. edizioa

2023/05/29

Igandean ospatuko da 'Buenos Airesek EH ospagai'ren 11.edizioa Maiatzeko Etorbidean, Argentinako euskaldunen jaia Buenos Airesen
Igandean ospatuko da 'Buenos Airesek EH ospagai'ren 11.edizioa Maiatzeko Etorbidean, Argentinako euskaldunen jaia Buenos Airesen

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Bi agertoki, berrogei standetik gora, dantza, antzerkia, musika eta sukaldaritza zuzenean, liburuak, diseinua, kirola, euskara, artisau-lanak, genealogia, argitalpenak, donostiar danborrada Buenos Aires hiriaren bihotzean eta guztiaren transmisioa zuzenean irratiz eta online dira datorren igande arratsaldean, ekainaren 4an, Maiatzeko Etorbidera (Chacabuco eta Bolivar artean) hurreratzen direnek aurkituko dituzten osagaietako batzuk. Sei orduz luzatuko da ikuskizuna, festa eta gozamenerako aukera, 12etatik 18etara, etenik gabe.

Maria Aranzazu “Arantxa” Goicoaren hitzetan, “Hamar urte baino gehiago pasata, 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' Argentinako euskaldunon ohiko topaketa bilakatu da Buenos Airesen. Eta, zalantzarik gabe, egunbetez Euskal Herria Maiatzeko Etorbidean erakusteko toki aparta, lagun datozkigun euskal etxe guztien presentzia eta ekarpenari esker. Ospakizuna da euskaldunontzat, baina, batez ere, euskaldun ez diren eta egun honetan biisitari bilduko zaizkigun guztientzat”, adierazi du Euskalkultura.eus-ekin solaskide, aurtengo edizioan Laurak Bat Euskal Etxe antolatzaileko lehendakari berri gisa parte hartuko duen Maria Aranzazu “Arantxa” Goicoak.

 
Parte hartzen duten erakunde, talde eta ekintzaileen standen kokapenaren planoak,


'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' 2023ko bi agertokietako jardueren egitaraua

Arantxa Goicoa, Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari berria

Duela hilabete, Laurak Bat Euskal Etxeak bere Ohiko Batzar Nagusia egin, eta agintaldi berrirako lehendakari izendatu zuen Arantxa Goicoa. Hauek bere hitzak: “Ohore handia da ni Laurak Bateko lehendakari hautatu izana, eta espero dut egoki erantzutea bazkideek nigan jarritako konfiantza guztiari, nire aurretik aritu zirenek hasitako zereginekin jarraitzea, eta aurkezten diren erronka berriei aurre egin ahal izatea, baina ez dut bakarrik egingo, Zuzendaritza Batzordeko kide guztiok lagun egingo baitut”.


Laurak Bateko lehendakari Arantxa Goicoa makila jasotzen aurreko lehendakari José Gabriel Anituaren eskutik.

Bere kudeaketaren helburu eta espektatibez galdetuta, Arantxa Goicoak honakoa esan digu: "Globalizazioak gure Euskal Etxeetako jarduerei ekarri dien aldaketak eta Euskaditik Argentinarako migrazio eskasaren helburu aldaketak norabide zuzenketa bat eragin digute ezinbestean, beti ere gure nortasuna atxikiz eta lortutako lorpenei eutsiz. Baina, era berean, gure etxea, herrialde honetara migratu zuten euskaldunena eta euren ondorengoena ez ezik, gure kultura eta tradizioak ezagutu nahi dituztenei ere zuzendutako kultur gunea izatea nahi dugu. Horregatik, Buenos Aires hiriko komunitatearekiko irekiera-politikan sakondu nahi dugu”, azaldu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia