euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amerikara joan ziren Artzainen Besta Elizondon igandean, 'Amerikarat gana, artzain doike!' lelopean

2008/09/19

Iaz Alduden egin zen omenaldia. Iruditan, elkarri begira, San Frantziskora emigratu zuten Oçafrain anaia bankarrak (Nafarroa Behera) (argazkia EuskalKultura.com)
Iaz Alduden egin zen omenaldia. Iruditan, elkarri begira, San Frantziskora emigratu zuten Oçafrain anaia bankarrak (Nafarroa Behera) (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Elizondon, Baztango bailara nafarraren bihotzean, egingo da igandean jai honen hirugarren edizioa eta bertara Ameriketara lanera joan ziren artzainak eta euren senitartekoak bilduko dira. Jaiaren egitarauan musika, dantza, herri bazkari bat eta Baztango artzainen esperientziari buruzko liburu baten aurkezpena daude, besteak beste. 700 lagunen esperoan daude antolatzaileak eta artzainen bizimodua nolakoa zen erakusteko kanpamendu tipiko bat prestatu dute, artzainen bizilekuak ziren karrokanpoak eta guzti.

Elizondo, Nafarroa. 50. eta 60. hamarkadetan Ipar Ameriketara lanera joan ziren artzainek omenaldia jasoko dute igande honetan Elizondon, Ameriketako Artzainen Bestaren 3. edizioan. Iaz Alduden eta Gernikan egin zen jaia, eta orain dela bi urte Lesakan, eta bi deialdiak oso arrakastatsuak izan ziren. Aurten Elizondora zazpiehun bat lagun bilduko direla uste dute antolatzaileek. 

Besta Elizondoko Santiago elizan egingo den mezarekin hasiko da eta ondoren artzainek artalde bat gidatuko dute herriko kaleetan barrena, Foruen plazaraino. Hemen Ameriketako artzainen kanpamendu tipiko bat jarriko dute, artzainen bizilekua ziren karrokanpo eta guzti. Kanpamendu honetan bisitariek artzainen bizimodua ezagutu ahal izango dute: ardiei ilea moztu, ogia eta janaria lurrazpian egindako labe batean prestatu... 

Eguerdian partehartzaileek bazkari herrikoia egingo dute frontoian, dantzariek eta Jalisko Band taldeak girotuta. Bazkalostean zozketak egingo dira, tartean AEBetarako bi lagunentzako bidaia bat. Egunari bukaera emateko Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko artzainen esperientziari buruzko liburuaren aurkezpena egingo dute.

Topaketaren antoltzaileak Baztango Udala eta Artzain Mundua elkartea dira. Bestak Nafarroako Gobernuaren eta Udalbideren laguntza du eta BBK, Iberia, Kaiku eta Lesakako Udalaren babesa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia