euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean Quebec-eko Trois Pistoles herritik abiatuko da Indianoak 2013 espedizioko euskal trainerua

2013/06/14

Indianoak espedizioko kideak trainerua uretara botatzeko prest entrenamendua egiteko (argazkia Indianoak.fr)
Indianoak espedizioko kideak trainerua uretara botatzeko prest entrenamendua egiteko (argazkia Indianoak.fr)

PUBLIZITATEA

Ibaialde elkarte lapurtarreko hamalau arraunlariak atzo abiatu ziren Quebec aldera eta gaur helduko dira Trois Pistoles hirira. Han, Parc de la Aventure Basque euskal museoan ekingo diote Indianoak 2013 espedizioari: 500 kilometro Saint Laurence ibaian gora, garai bateko baleazaleen legean, Montrealeraino. Ibaialdek Quebec-eko euskal etxea izan du lagun egitasmo honetan, eta Euskaldunakeko lau bazkide izango dira traineruko tostarteko. Bidaia kultur truke gisa ulertzen dute Ibaialdeko kideek, eta etapa bakoitzaren ostean euskal kultur erakustaldiak eta gastronomia lantegiak egingo dituzte herriz-herri.

Angelu, Lapurdi. Quebec-era bidean dira honezkero Indianoak 2013 espedizioa osatzen duten Ibaialde elkarteko hamalau arraunlariak. Iparraldeko zein hegoaldeko lagunak bildu dira ekimen honetara; gazteak zein helduak, aspaldiko euskal baleazaleen lorratzak jarraitzeko gogotsu. Taldeak Quebeceko Saint Laurence ibaian gora 500 kilometro egingo ditu, Montrealeraino, hiru astetan. Bidea hamairu etapatan burutzeko asmoa dute arraunlariek, Paula Charron 36 urteko patroi gaztearen gidaritzapean.

Bihar Quebecera helduko dira Indianoak eta igandea bitartean Trois Pistoles herrian izango dira, hango Parc de l'Aventura Basque en Amerique (P.A.B.A.) museoarekin elkarlanean, euskal kultura jarduerak eginez. Bihar eta etzi espedizioari ongi etorria egiteko euskal-quebectar jaia egingo da. Museoak euskaldunei buruzko erakusketa berria inauguratuko du eta, horrez gain, espedizioarekin batera doan sukaldari taldeak euskal pintxo dastaketa antolatuko du.

Trainerua Montrealen utziko

Sukaldari horietako bat da Michel Lastiri lapurtarra. Taldeko beteranoetako bat da bera, izan ere 2003an egin zen aurreneko espedizioko arraunlarietako bat izan zen. "Orduan egurrezko traineru bat erabili genuen eta, bidaia amaitu zenean, PABAn utzi genuen. Oraingoan, aldiz, karbono-zuntzez eginiko trainerua daramagu eta gure asmoa Montrealean uztea da, hango euskal etxeko lagunek erabil dezaten".

Indianoak 2013 2

[Indianoak 2013 espedizioko kideak Angelun, Quebec aldera abiatu baino lehen (argazkia Indianoak.fr)]

Euskal etxeko arraunlariak

Euskaldunak Euskal Etxea egitasmoaren parte izan da hasiera hasieratik, orain dela bi urte bidaia prestatzen hasi zirenez geroztik. Halatan, elkarteko lau kide --bi gazte, bi heldu-- espedizioko  arraunlari izango dira. Ibaialdek berebiziko arreta jarri du tripulazioa osatzean, tostartean adin  desberdinetako lagunak bilduz; izan ere, bidaia honetan egingo diren kultur trukeetako beste bat horixe izango da, belaunaldi artekoa.

Halaber, tripulazioak Quebec-eko miq'mak herriko sendi bat ere hartuko du -aita, ama eta hamar urteko semea-, eta elkarrekin egingo dute bidaia Saint Laurence ibaian gora. XVI. mendeko euskal baleazaleek harreman estua izan zuten Quebec-eko biztanleekin eta espedizioak kultur truke hori mantendu nahi du.

Espedizioaren ia zuzenean jarraitu nahi duenak sare sozialak baliatu ahalko ditu: Indianoak 2013 webgunearen bidez eta elkarteak sortu duen Facebook orriari esker. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia