Igande honetan, urriaren 2an, hasiko da Donostian Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programaren 2016ko edizioa, euskal sukaldaritzari eskainia, eta Basque Culinary Center-ekin lankidetzan antolatua. Argentina, Txile eta Estatu Batuetako partaideak izango ditu --ohi bezala gehienak argentinarrak-- eta hilaren 15eraino luzatuko da. Partaideak bihar hasiko dira iristen Hondaribia eta Loiura eta igande arratsaldean izango dute aurkezpen eta harrera ekitaldia.
Donostia-San Sebastian. Aurreko urteetan Gaztemundu programak gaika antolatutako --urtero gai jakin bati eskainia-- saioak izan baditute, goi-mailako irakasleekin eta askotan beste inon lor ez daitezkeen profesionalak eta ezaugarriak bilduta, badirudi aurtengoa ere ez zaiela atzean geratuko eta maila altuko edizioa izango duela Gaztemunduk, pare bat astetan egitarau trinkoa bizi izango baitute Argentinatik (21), Txiletik (2) eta Estatu Batuetatik (1) donostiaratuko diren ikasleek. Gogoratu parte hartzeko, euren gaitasunak eta sukaldaritza arloko trebeziak agertzen zituen bideoa bidali behar zutela, besteak beste, ikastaro honetako partaide bilakatu nahi zuten hautagaiek. Parte hartzeko, beraz, ezagutza maila bat eskatzen zen, eta hautatuak izan direnentzat, seguruenik ezaugarri hauetan beste inon topa ez daitekeen goi mailako ikastaroa prestatu du Eusko Jaurlaritzak, beti ere Basque Culinary Center lankide, eta, esan digutenez, hor barruan, Mikel Oñatibia koordinatzaile.
Pare bat astetan zehar, munduko euskal etxeetatik etorritako ikasleek --euren euskal etxe edo lekuetan sukaldari ari direnak-- aukera izango dute sukaldaritza eskola eta aurkezpenetan parte hartzeko, Euskal Herriko produktu eta moldeak teorikoki eta praktikoki ezagutzeko eta in situ bisitatzeko gastronomikoki interesgarriak diren eskualde eta lekuak, Donostiako pintxoetatik hasi, Lapurdiko txokolateetaraino, tartean Errioxa ardo et sotoak, Bizkaiko txakolina, ahatekiak Nafarroan, Donostia Gastronomika elkarretaratzean parte hartuko dute... Ohi bezala, lehendakariak harrera ekitaldi bat eskainiko die euren egonaldian zehar, oraindik zehaztu gabeko egun batean, seguruenik bigarren astean.
-2016ko edizioko partaideen zerrenda. Baja bakarra izan da, Argentinan, La Pampako Santa Rosako Ariel Asin