euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Idazkuntza, afixa eta postal lehiaketak deitu dituzte La Platan, Oskorriren jarduna bilduko duen Euskal Asterako

2008/08/15

La Platako Euskal Argentinar Aste Nazionalak Oskorriren bisita bilduko du. Urriaren 31n izango da.
La Platako Euskal Argentinar Aste Nazionalak Oskorriren bisita bilduko du. Urriaren 31n izango da.

PUBLIZITATEA

Joan den urteko Euskal Argentinar Astearen oroitzapenak oraindik bizirik daudela, aurrera doa aurtengoaren antolakuntza. La Platako Euzko Etxea antolatzaile, urriaren 26tik azaroaren 2ra arte izango da Buenos Aires Probintziako hiriburuan. Baieztatuta daude orain artean Oskorri taldearen emanaldia, urriaren 31n, eta Aretxabaletako Akordeoi Orkestraren kontzertua; Abesbatzen Elkarretaratzea ere bide onetik doa, bertako Udaletxeko Urrezko Aretoan. Horiekin batera, euskararen inguruan antolatutako lehiaketak eta jarduerak abian daude Euzko Etxeak eta FEVAk bultzatuta.

La Plata, Argentina. Argentinan Euskaraz proiektua medio euskal etxeetako euskara taldeetatik gure hizkuntzaren alde Argentinan egiten ari den ahalegina isla handiagoa lortzen ari da urterik urte Euskal Aste Nazionala bezalako ekitaldietan. Herrialde honetako urteko bilkura garrantzitsuena den honen baitan euskara azken urteotan hartzen joan den lekua pensaezina zen duela pare bat hamarkada. Egun, asteburu horretan, hazkorra da euskal aditzen oihartzuna ugaldu egin diren euskara ikasle eta irakasleen ahoan, baita aurkezleen aurkezpenetan ere. Ildo horri eutsiz, aurten Euskal Asteko antolatzaile den La Platako Euzko Etxea-ko euskara taldeak euskara ardatz izango duten hiru proposamen luzatu ditu: bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat.

Idazlan Lehiaketa: “Klaseetako pasadizoak”

Lehiaketa honetan Argentinako euskal etxe guztietako euskara ikasle eta irakasleek har dezakete parte. Ekimenaren helburua euskara eskoletan gertatzen diren bitxikeriak kontatzea da, ikaslearen edota irakaslearen ikuspuntutik. Idazlana banaka zein taldeka aurkez daiteke eta partaide bakoitzak lan bat baino gehiago presta ditzake. Lanak izenburua behar du izan. Gaiari dagokionez, euskara klaseekin lotua behar du, euskal etxeetakoekin edo barnetegikoekin.

Testua euskaraz izango da, eta neurri aldetik, 50 hitz gutxienez eta 200 gehienez izan behar ditu. Idazlana A4 tamainako orrian idatzi behar da, 12 neurriko letra erabiliz, times new roman delako motan, lerro artean tarte bikoitza utziz. Testuaren egileak izengoitia aukeratu behar du lana sinatzeko eta ikaslea edo irakaslea den jakinarazi behar die antolatzaileei, baita ere banaka edo taldeka egin duen idazlana, hau guztia dagokion kategorian sailka dezaten. Bestalde, gutunazal itxi batean egilearen edo egileen izenak ezarriko dira eta euren benetako datuak. Oinarriak, hemen

Kartel Lehiaketa

Euskal etxeen barruan euskararen irakaskuntzak izan duen hazkundearen meritua, zalantzarik gabe, bertako ikasle, irakasle eta orohar euskaltzaleen engaiamenduari dagokio. Horregatik eurak sortu duten testuinguru eta jende-multzo horrengana jo da hondarreko urteetan Argentinako euskal etxeetako euskara eskolak iragartzeko argitaratzen den afixa diseinatzerako orduan, lehiaketa bat medio kartela aukeratzeko. Sei hilabete barru hasiko den 2009 ikasturteari dagokionez --kontutan hartu hemen ikasturteak urte naturalak direla--, La Platako Euzko Etxeak eta FEVAko Euskara Arloak afixa lehiaketa antolatu dute, afixa irabazlea 2009ko ikasturteko euskara klaseetarako deialdia egiteko erabilia izan dadin.

Lehiaketan Argentinako euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleek parte hartu dezakete, banaka edo taldeka, kartel bat edo gehiago aurkeztuz. Gaia, pentsa daitekeenez, 2009ko euskal etxeen euskara klaseen zabalkundea izango da, eta neurriak eta erabili behar diren materialak kontuan hartu beharko dira, lana lehiaketatik kanpo gera ez dadin. Sarituak diploma/apaimena jasoko du eta bere kartela euskara klaseak sustatzeko material guztietan agertuko dela jakitearen poza. Oinarriak, hemen

Haurren postalak

Euskal Asteko euskara talde anfitrioiak haurrentzako proposamenik ere badauka: euskal etxe guztietako haurrak gonbidatuta daude euskarazko postal erraldoiak --kartulina tamainakoak-- egitera. Postal hauek eguberrietan eta urteko data berezietan Argentina eta Euskal Herriko elkarte eta erakundeei zorionak emateko erabiliko dira. Gaiak honakoak izan daitezke: Euskararen Eguna, Eguberriak eta Urteberria. Jarduera hau taldeka egingo da. Antolatzaileek propio eskatu dute, ahal bada txikiak postalak margotzen ari direla argazkiak atera eta bidaltzeko. Oinarriak, hemen.

Lehiaketa hauetan parte hartzeko, lanak bidaltzeko epea irailaren 26an bukatuko da. Hau da igortzeko helbidea: Centro Vasco Euzko Etxea La Plata, (Lehiaketaren izena), 14 Kalea,  Nº 1245, Posta-kodea: 1900. La Plata, Buenos Aires Probintzia.

Lotura interesgarriak

Centro Vasco Euzko Etxea de La Plata, Buenos Aires probintzian
www.centrovasco.com

FEVA, Argentinako Euskal Erakundeen Federazioa
www.fevaonline.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia