Tony Villanueva, elkarrizketa egunean. Eusko Jaurlaritzak Idaho-n zuen kontaktua zen Jose Villanuevaren semea da Tony. Boise-tik Emmett-era joan ziren, 1936.ean, Boise Payette enpresak hainbat euskal langile mugiarazi zituenean (Argazkiak: DACRP)
Auzo bilkura egin zuten Emmett-en (Idaho) astelehen arratsaldean, lau ikertzailek, Toni Berria, Patty Miller, Connie Urresti eta Carolyn Ruby-k, deituta. Komunitate Ikerketa Talde hau informazio garrantzitsua ari da biltzen, azken mendeari dagokiona, Idahon eta Oregonen bizi izan diren euskaldunen inguruan. “Historia oso eta osatu bat nahi dugu egin”, azaldu dio Berriak EuskalKultura.com-i. “Zergatik etorri ziren euskaldunak, zer egin zuten... hori da jakin nahi duguna. Baina, oroz gain, nahi dugu jakin nola gura duten beren burua agertu”.
Boise, AEB. Azken hileotan, hainbat iturri baliatuta, informazio mordoa batu du Boiseko ikerketa talde honek. Berau jendaurretu aurretik, baina, protagonistekin komentatu eta euren gainbegirada nahi dute: “Beren historia da, eurek bizitakoa, eurek baino ezin dute jakin zer izan zuten benetan garrantzitsua. Eurekin komentatze prozesu honetan gainera, informazio gehigarria ere eman ahal digute”, azaldu du Berriak.
Orain arte, Idahoko Emmett eta Barber herrietan eta Oregoneko Jordan Valley eta Burns-en aritu dira lanean ikertzaileak. Adibide bi ematearren, Jordan Valley-n 900 inguru euskal izen topatu dituzte eta, Emmett-en, 400. Horretaz gain, Boiseko Euskal Museoak hileroko bere gutunean argitaratu duenez, Barber herrixkako garairik oparoenean, 1920. urtearen bueltan, euskaldunak populazioaren ia %25a osatzen zuten.
Lan taldearen lehentasuna da, solasteko moduan dauden ahalik eta jende gehiagorengana iristea eta adineko euskaldun gehien elkarrizketatzea, lehen eskuko informazioa lortzeko asmotan. Eta, Berriak, proiektuaren garrantziaz galdetuta, honelaxe erantzun digu: “Adinean aurrera eginda, aitari edota amamari galdera gehiago egin ez izanaz damutzen naiz. Hurrengo belaunaldiek hobeto ulertuko dute beren iragana lan honi esker”. Baina datozen euskal-amerikarrei begira bakarrik ez, elkarrizketatuentzat ere onuragarria da historia proiektu hau: “Euretako batek esan zidan: 'aspaldian hausnartu gabeko kontuak ekarri dizkidazu gogora'”.
Proiektua Interneten jarri nahi dute emakumeek orain eta, gerora, akaso, informazio-panel batzuk sortu Museorako, bai eta, agian, inprimaki batzuk atera ere.
-Norbere familiaren historia edota argazkiak partekatu nahi dituenak Patty Miller-i emaila bidaltzea besterik ez dauka: pattyam@basquemuseum.com