Homedale, AEB. Estatu Batuetan, Homedaleko (Idaho) Txoko Ona Euskal Etxeak handitze lanak egin ditu bere egoitzan, orain arte zeukan patioaren tamaina bikoiztuz. Aire librean den --estalita baina alboko hormarik gabe-- espazio berriak, aukera berriak ekarriko dizkio euskal elkarteari COVID-19ren karietara hartu beharreko neurriak direla-eta bilerak ziurrago egin ahal izango baititu, mahai eta jendeen arteko tarteak ere hobeto errespetatuz.
Zati berria emendatzeak, sarbide propio batekin, erraztu egingo du oro har, lekuak daukan erakargarritasuna herriko eta eskualdeko gainerako elkarte eta erakundeek errenta dezaten euren saio eta bileretarako erabiltzeko, inguruan honelako azpiegituren eskasia baitago. Inbertsioarekin, etxearen balioa eta eskain ditzakeen zerbitzu maila igotzeaz gain, erakargarriago bilakatzen du bertan bere ezkontza, batzarra edo ekitaldi sozial edo aisialdikoa egin nahi duten pertsona zein erakundeei begira.
Gehitu den patio edo areto ireki berria, hondoan biltegi bat ere erantsita
Sukaldearen eremua lehioarekin, emendatu den zati berriaren ondoan
Zati berrira zuzenean sartu ahal izateko eraiki den ate berria, zuzenean aparkalekutik
Orotara 629 oin karratu izatetik 1520 oin karratu izatera pasatu den patio eremuak lotura ederra egiten du eraikineko sukaldeak erabiltzeko, ekitaldi jendetsuetan, eta jabegoaren parte den berdegune zabal bat dauka inguru osoan, guztia ederki kostata eta izerditua urtetan zehar EEko bazkideek egindako lan engaiatu, eskuzabal eta etengabearen emaitza.
Zorionak, Txoko Onako lagunok!