euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Idahoko Humanitateen Kontseiluaren ohore altuenarekin saritu dute Dave Lachiondo irakasle euskal amerikarra

2020/02/11

Musikazalea ere bada. Dave Lachiondo (lehenengoa ezkerretik) Boiseko beste euskal lagun batzuekin jotzen (arg. EuskalKultura.eus)
Musikazalea ere bada. Dave Lachiondo (lehenengoa ezkerretik) Boiseko beste euskal lagun batzuekin jotzen (arg. EuskalKultura.eus)

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Erakundearen Outstanding Achievement in the Humanities Award (Lorpen Nabariko Humanitateen Saria) eman dio Idahoko Humanitateen Kontseiluak (IHC) Boisen ibilbide luzekoa den David Kanneth Lachiondo irakasle eta hezkuntza arloko ekile ezagunari. Ibarrangelun jaiotako Julian Lachiondoren eta Ispaster eta Markinako Lydia Gandiagaren semea, Ameriketan jaiotako euskaltzale honek 72 urte dauzka gaur egun eta tinko eusten dio bizita osoan garatu duen komunitatearekiko aktibotasun konpromisoari, batez ere euskal arloan eta hezkuntza arloan, edota bietan nahasietan.

Bere emazte Pattirekin batera --hau ere engaiatua Boiseko euskal bizitzan, bereziki Euskal Museoan--, Diana eta Aliciaren aita da, biak engaiatuak oso Boiseko euskal bizitzan, NABO Udalekuetan ibiliak, Oinkariko dantzari izanak eta euskarari ere lotuak, Dianaren kasuan bereziki euskara maila ederra lortu zuen emakumea baita gaur egun Ada Konderriko Komisionatu hautetsia den Diana Lachiondo. Lachiondotarren etxean --eta kateak segitzen du biloben belaunaldian ere-- euskaltasuna eta konpromisoa euskal kulturari eusten eta zabalkundea ematen familiaren baitan transmititzen den ezaugarria baita.

Dave Lachiondok ohoretzat hartu zuen bere guraso eta aiton-amonengandik jasotako euskaltasuna atxiki, prestijiatu eta zabaltzeko lana eta Idahoko eskola-sisteman irakasle, hezitzaile, administrari eta bokaziozko eragile izatearekin batera, beti izan da euskal komunitatearen barnean pertsona aktibo eta ekarlea, historia eta euskal kultura irakatsiz eta Boise State Universityko (BSU) Euskal Ikasketa Programako zuzendari ere izan delarik, irakasle lanak kudeaketakoekin aldiberekotuz. Oinarri lana eta harrobia lantzea zaindu izan du, koherentzia eta etika gidari aitortuz.

Idahoko Humanitateen Kontseiluak Boiseko Euskal Etxeko areto nagusian emango dio erakundearen Outstanding Achievement in the Humanities Award (Lorpen Nabariko Humanitateen Saria), otsailaren 20an, asteartea, iluntzeko 7:15etan. Mila dolarreko ekarpena duen sari hau 1986an sortu zuen IHCek, eta aurretik ohorea jasotakoen artean, beste euskaldun bat dago, Boiseko Euskal Museo eta Kultur Etxeko zuzendari Patti Miller.

Zorionak, Dave!

Sariaz eta Dave Lachiondoz gehiago jakiteko, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia