euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Idahoko enpresa ordezkaritza bat bisitan da Bizkaian; gobernadorea datorren datorren astean gehituko zaie

2017/06/15

Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria Idahoko ordezkaritzako partaideak agurtzen
Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria Idahoko ordezkaritzako partaideak agurtzen

PUBLIZITATEA

Bidaiaren programa trinkoa hasi aurretik aukera txiki bat izan zuten Gipuzkoako leku batzuk ezagutu eta ondoren Bilbora itzultzeko eta orain hor dabiltza Idahotik etorritako hamahiru pertsona hauek programa estu batekin Boiseko Merkataritza Ganberak lagunduta, bi herrialdeon arteko merkataritza harremanak areagotzeko aukerak lantzen. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak asteartean errezibitu zituen. Euren bidaiaren azkeneko egunetan, ekainaren 22an, Idahoko gobernadore Butch Otter gehituko zaio taldeari.

Bilbo, Bizkaia. Rementeria ahaldun nagusiak harrera ekitaldi bat eskaini zion asteartean talde idahotarrari Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregian. Foru erakundetik adierazi denez, taldea Aldundiak gonbidatuta etorri da Bizkaira, "lankidetzarako aukerak aztertzeko eta lurraldeko enpresekin harremanetan jartzeko". Euren aurrean egindako hitzetan ahaldun nagusiak gogoratu zuen Idahora joan zela atzerrira egin zuen lehen bidaian, eta, han, "aukera izan zuela 90 enpresatako ordezkariekin elkartzeko eta Bizkaia lurralde industrial, moderno eta lehiakorra dela jakinarazteko". Bidaia hura "garrantzitsutzat" jo zuen, baina "hona etortzea falta zen", "Bizkaia zuzenean ezagut dezaten eta gure enpresak eta haien teknologiak ikus ditzaten". Guztiontzat onuragarriak izango diren akordioak lortu nahi dituztela esan zuen.

Ahaldun nagusiak Bizkaia Estatu Batuek Europako merkatura sartzeko aterik onena dela azpimarratu zuen, ongi konektatutatako lurralde egonkor eta segurua.

Adierazi zuen baita ere ekainaren 22an, Butch Otter Idahoko gobernadorea errezibituko duela. "Izan ere, ahaldun nagusiarekin biltzeko etorriko da Bilbora. Hala, Bizkaia-Idaho harremanen bidez, mugarri berria finkatzen jarraitzen da", jakinarazi dute foru aldundi bizkaitarretik.

"Bizkaira etorri diren enpresak sektore garrantzitsuetan ari dira lanean (energia, aeronautika, garraioa, elikadura eta turismoa) eta bidaia hau helburu jakin batzuk betetzeko erabiliko dute. Agenda pertsonalizatu batekin etorri dira, interesa eragiten dieten eta lankidetzarako aukerak dituzten enpresekin bilerak egiteko eta enpresa horiek bisitatzeko. Beren sektore espezifikoetako konpainiekin elkartzeaz gainera, lurraldeko beste azpiegitura batzuk ezagutzeko aukera izango dute: teknologia-parkea, Bilboko portua edo Bilbao Exhibition Centre, besteak beste", jakinarazi dute foru erakundetik.

Irailean, Nevadako (Estatu Batuak) gobernadorearen garapen ekonomikorako bulegoko arduradunak ere Bizkaian izan zirela gogoratu du Aldundiak eta "gure lurraldeak eta enpresek elektrizitatearen eta automobilgintzaren sektoreetan duten ahalmena azpimarratu zutela. Izan ere, hainbat eguneko egonaldia egin zuten, eta, Unai Rementeriarekin biltzeaz gainera, lurraldeko zenbait enpresa ere bisitatu zituzten".

Boiseko Merkataritza Ganberako erakunde-harremanetako arduradun Ray Strak-ek esan du bere aldetik, lanean ari direla Idaho eta Euskadiren arteko harremanak estutzearren, eta bide horretan Rementeriaren bidaiak 2015ean Boisera ate berriak zabaldu zituela.

Estatu Batuak etorkizuneko merkatu estrategiko bat dira Bizkaiarentzat eta haren enpresentzat. Gainera, Bizkaia arreta bereganatzen hasi da arlo batzuetan: energia berriztagarriak, automobilgintza edo sare adimendunak (smart grids), besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia