euskal diaspora eta kultura
2012/03/22
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Idahoko Ordezkari Ganberako House State Affairs batzordearen aurrean Euskal Herriko egoerari buruzko adierazpena egiteko eskakizuna aurkeztu zuten estatu honetako euskal komunitateko zenbait eragilek, Pete Cenarrusa Estatu idazkari ohia buru, Idahoko House of Representatives onartu zuelarik aurkeztu zitzaion adierazpen proposamena.
Adierazpenak poza agertzen du ETAren ekintzen etetea dela eta, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eta baita Euskadiko eta Nafarroako Gobernuei ere, elkarrizketa sustatzeko eskaria egiten die, Euskal Herrian bake iraunkorra eskuratu ahal izateko. Dokumentuak sostengua agertu eta adorea eskatzen die gobernu hauei "negoziazio prozesua sustatzeko", "terrorismoaren biktima guztiak aintzat hartzeko" eta "euskal lurraldeen etorkizun konstituzionala erabakitzeko erreferendum demokratiko modu guztiak kontuan izateko".
Cenarrusa Foundation for Basque Culture elkarteko Gloria Totoricaguenak dokumentuaren aurkezpenean agertu zuenez, "hau azken bultzada da. Espero dugu zuen aurrean aurkeztu behar dugun azken aldia izango dela". Roy Eiguren abokatu eta lobbistak ere babestu zuen Cenarrusa Foundationaren eskakizunaren aurkezpena, eta azpimarratu zuen Idahoko euskal komunitatea eta legebiltzarra aspaldidanik izan direla bake eta autonomiaren aldekoak.
Izan ere, 1972az geroztik Idahoko Legebiltzarrak horrelako adierazpen ez-lotesle ugari onartu ditu, Pete Cenarrusa euskalduna Estatu Idazkaria zela. Egun 95 urte ditu Cenarrusak eta bere izena duen fundazioaren bitartez aurkeztu du adierazpen berri hau egiteko eskakizuna.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus