euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Idahoko Boise State Unibertsitateak euskal sukaldaritza eskolak eskaintzen ditu, Dan Ansoteguiren eskutik

2007/02/27

Dan Ansoteguik arkumea prestatzen du Madeleine Hasart ikaslearen begiradapean (argazkia MCilley)
Dan Ansoteguik arkumea prestatzen du Madeleine Hasart ikaslearen begiradapean (argazkia MCilley)

PUBLIZITATEA

Jakina da euskal kulturak oihartzun nabarmena duela Boise inguruan, Idaho-n baitago AEBetako euskal komunitaterik azkarrena. Euskal sukaldaritzak ere arrakasta handia dauka aldeotan eta horren adierazgarri bertako zenbait jatetxek harro erakusten duten Basque kartela izan daiteke. Oraingoan, baina, euskal sukaldaritzak unibertsitaterainoko jauzia ere egin du, Dan Ansotegui Boiseko Gernika tabernako nagusiak astero BSUn eskaintzen dituen eskolak medio. Guzti horren lekukotasuna eskaintzen du AP agentziako Anne Wallace Allen kazetariak Desert News egunkarian argitara emandako artikulu batek. Hauxe artikulu laburtua.
Dan Ansoteguik, Boiseko Gernika jatetxearen jabeak, astero sukaldaritza klase bat ematen du Boise Estatuko Unibertsitatean (BSU). Euskal sukaldaritzaren lehengaiak Europako beste herrialde batzuetan aurki daitezkeen berberak omen, baina Ansoteguiren esanetan 'teknika da' euskal sukaldaritzaren bereizgarri. Azken klase natean bere amonaren errezetetan oinarritatuko menua prestatu du sukaldariak: arkumea ardo txuri saltsarekin, txipiroiak pipermin saltsan eta Idiazabal gaztarekin gratinatutako patatak.

1920 inguruan Estatu Batuetara heldu zenean errezeta hauek eta beste asko zekartzan buruan Epik, Ansoteguiren amona zenak. Ameriketan etxea hartuta, baina, errezetak bertan eskuragarri zituen lehengaietara egokitu beharrean suertatu zen. Txipiroiak, adibidez, piper minekin apailatzen zituen, baina 'hemen inork piperminik landatzen ez duenez', azaltzen du Ansoteguik, berak arazorik ez dauka haren ordez 'txinatar saltsa bizi bat' erabiltzeko.

Euskal piperrak Ameriketara

Euskal ohizo lehengai hauetako batzuk Estatu Batuetan lortzea gainditu ezineko erronka bihurtu daiteke. Inportatzaile gehienak New York eta Florida aldean daude. Justo Sarria da Boise inguruan aritzen den bakarretakoa. Sarria duela 40 urte etorri zen Estatu Batuera. Berak sortu eta Edu eta Amaia seme-alabekin kudeatzen duen Basque Country Imports enpresak Idaho inguruko jatetxeak eta partikularrak hornitzen ditu. Horri esker, Boiseko euskaldunek Euskal Herritik ekarritako piperrak, ardi gazta edo sagardoa dasta ditzakete.

Baina euskal sukaldaritzak euskaldunen ondorengoak ez ezik, beste amerikar asko ere engantxatu ditu. Ansoteguiren ikasleetako asko ez dira euskaldunak, baina batzuk Euskal Herrian izan dira. Kasu batzuetan sarri egondakoak, gainera. Ansoteguik klasean, aparteko txipiroi pintxoa egiten duen Donostiako taberna aipatzen duenean, handik ibili eta pintxoa dastatu dutenen komentarioak ez dira falta.

Sustraien bila sukaldaritzaren bidez

Ikasleetariko bat Steve Mendive da, Boise High Schooleko irakaslea. Mendivek euskara menderatzen du eta klaseetan izena eman zuen amak prestatzen zizkion jakiak prestatzen ikasteko. Berak harreman hestua mantentzen du sustraiekin, udak Bizkaiko Ea herrian ematen baititu. 'Herriko biztanle gehienak nire familikoak dira', azaltzen du.

Ansoteguik dioenez, sukaldaritza munduan sartu zen 'bere amonak Hailey-n (Idahon) zuen euskal hotelean txikitan ezagutu zuen lagunarteko giroa berreskuratzeko'. Amonaren itzala handia da familian, eta Danen arrebak ere jatetxe bat darama, Epi's izenekoa, Meridian-en. Lagunarteko giroa klaseetan mantentzen du Ansoteguik: arkumea xipristintzeko ireki duen ardo txuri botila ikasleen artean bukatzen dute, solasean, futbol, janari edota BSUk berak eskaintzen duen Euskal Ikasketen Programari buruz.

'Etxean aritzea bezala da', aipatzen du klasea Annie Gavica ikasleak. 'Gure eyxean berriketa gehienak janari artean hasi eta bukatzen dira. Familia zoro samarra nuela uste izan nuen, baina orain euskaldunen gauza amankomuna dela ikasi dut', dio, barrez, orain dela gutxi arte bere euskal jatorriari kasu handirik egin ez dion neskak. Datorren seihilabetekoan Annie Euskal Herrira joango da ikastera. Euskaldunak janariarekin konkistatzen direla egia omen.


Lotura interesgarriak

Basque Studies Center, Boise State University
http://basquestudies.boisestate.edu

Dan Ansotegui recibe el Premio de las Artes Populares de Idaho
EuskalKultura.com-en 2004ko irailaren 13an argitara emana

Basque culture —and food— are right at home in Idaho
Deseretnews.com-en


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia