Asko dira munduan San Inazio bere zaindari gisa ohoratuz urtero uztailaren 31ko eguna modu berezian ospatzen duten euskal etxe eta komunitateak. Horien artean badira mende pasatxoko tradizioa jasotzen dutenak, Argentinan-eta, ahaztu gabe konparazio Mexiko Hiriko Colegio de las Vizcaínas, 1732an sortutako eskola euskal mexikarra. egiazki eta ofizialki Colegio de San Ignacio de Loyola izena duen erakundea. Gaurkoan, baina, Estatu Batuetara, Boise aldera joko dugu, bertako San Inazio (sic) festak hemen islatzeko.
Boise, Idaho, AEB. Urtero ospatzen ditu Boiseko euskal komunitateak San Inazio jaiak. Uztailaren 31 hemen jai ez denez, normalean hurbilen duen asteburura pasatzen da eta halaxe gertatu du aurten ere, jaiak aurreratu direlarik uztailaren 28-29-30ra, ostiral-larunbat eta igandera.
Horren berri ematen genuen gure agendan pasa den astean. Laburbilduta, Boiseko San Inazio jaiek hiru kokagune dauzkate: Basque Block (hiri erdigunean dagoen euskal auzoa, erromeria eta jaien egoitza), St John Katedrala (bertan egiten baita jaiaren erlijio zatia, San Inazio prozesioa eta Oñati dantza talde boisetarraren jarduerarekin) eta Udal Parkea (igandean egiten den piknik eta famili giroko joko eta ekitaldien egoitza).
Aurten ere hala izan da, eta horren guztiaren argazki kronikatxo bat ekarri dizuegu. Gogoratu, San Inazio jai hau urtero ospatzen dela Boisen, baina bost urtean behin maila lokaleko jaia, nazioarteko jai bilakatzen dela, Jaialdi izena hartuta. Hurrengo Jaialdi, 2020an izango da.