euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Idaho osotik etorritako lagunen babesak giro ederra sortu zuen Homedaleko Txoko Ona elkartearen inaugurazioan

2007/06/26

Soinujoleen lanak igandeko ekitaldiak alaitu zituen (argazkiak TxokoOna)
Soinujoleen lanak igandeko ekitaldiak alaitu zituen (argazkiak TxokoOna)

PUBLIZITATEA

Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxeak maila bikainarekin gainditu zuen egoitza berriaren inaugurazio ekitaldiaren erronka. Estatu osoko lagun asko bertaratu ziren eta nahiz eta euskal etxeak neurri honetako ekitaldia antolatzen zuen lehen aldia zen oso ondo atera zen dena. Larunbatean 250 bat lagun bildu ziren Txoko Onak antolatu zuen afarira. Igandean, eguraldi ona lagun, euskal dantzak, musika, erakusketak, harrijasotzaileak eta beste ekitaldiak egin zituzten elkartearen kanpo aldean.
Txoko Ona Euskal Etxeko bazkideak ederki merezitako atsedena hartzen ari dira egunotan, euren egoitzaren inaugurazio ekitaldia arrakasta sonatua izan dela jakitearen pozez. Hilabeteetako prestaketak bizi eta gero, ederki atera da dena joan den asteburuan. Larunbateko afarira 250 bat lagun bildu ziren eta Euskal Etxeko areto nagusia estrainekoz izan zen erabilia, Homedale herrirako oso tamaina onekoa den ekitaldi batean, Txoko Onako Gloria Lejardi arduradunak BasqueHeritage.com-i adierazi dionez.

'Aita Martxel Tillousek hasi zituen ekitaldiak, Euskal Etxea eta gure Gernikako Arbolaren hiru kimuak bedeinkatuz', azaltzen du Lejardik. Jarraian Blas Uberuagak (Buber.net euskal web gunearen sortzaileak) Gernikako Arbolari buruzko mintzaldia eskaini zuen. Inauguraziora gerturatu ziren lagunen artean, Aita Tillous eta Homedaleko parroko katolikoa den aita Francisco Flores-ez gain, NABOko Mary Gaztambide eta Grace Mainvil (lehendakaria eta diruzaina hurrenez hurren), eta Pete Cenarrusa (Idahoko estatu idazkari ohia eta bere izena daraman fundazioko eragilea) eta bere emazte Freda egon ziren. 'Cenarrusa Foundationek, izan ere, 2.000 dolar eman zituen Txoko Onaren atarian dauden bandera mastak jartzeko. Basque Museum-eko Patty Millerrek ikurriña oparitu zion elkarteari, eta Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxeak harrizko banku bat', aipatzen du Lejardik.

[Goiko irudian, ezker eskubi eta goitik behera: John Lejardi Txoko Onako lehendakariaren mintzaldia inaugurazio afarian; Pete Cenarrusa Idahoko estatu idazkari ohiak ere hitz batzuk egin zituen; Ray Mansisidor eta Mary Gaztambide (NABOko lehendakaria) hizketan; eta azkenik, Benito Goitiandia, Ramon Ocamiz eta Jacinto Mallea ekitaldian (argazkiak TxokoOna)]

Afariaren menua euskal zaporeko jakiek osatzen zuten: txuleta, makailua, mingaina, paella, entsalada, Teresa Larroceak eginiko etxeko ogia eta flana. Gosea asetu ondoren bertaratu zirenek musikaz gozatu ahal izan zuten elkarteko patioan. Idahoko euskal musikariak aritu ziren bertan: Mansisidor familia, Morrie Berriochoa eta David Lachiondo.

Aire libreko ekitaldiak igandean

[Goiko irudian Gloria Lejardik zuzentzen duen Homedaleko Herribatza Dantzariak taldearen emanaldia, igandean (argazkia TxokoOna)]

Igandean eguraldi ona izan zen protagonistetako bat, ekitaldiak elkartearen kanpo aldean egin baitziren. 'Eguna aita Martxel Tillousek eman zuen mezarekin hasi zen eta ondoren bazkaria egin genuen. Arratsaldean artzain txakur lehiaketa, Boiseko Txantxangorriak taldearen musika, dantza erakustaldiak, harrijasotzaileak eta karrokanpo erakusketa joan ziren gertatzen. Elkarteko bazkide batzuk, artzain ohiak, artzain ogia nola egiten den erakutsi zuten', azaltzen du Gloria Lejardik.

Bertan parte hartu zuten taldeen artean, aipatzekoak dira Herribatza Dantzariak eta Homedale bertako talde honek eskaini zuen erakustaldia. Bertako talde hau 5-13 urte bitarteko haurrek osatzen dute. Boiseko Oinkariak-ekin batera aritu ziren eta txalo ugari jaso zituzten. Bestalde, elkartearen kanpo aldean euskal produktuen standak egon ziren bisitagai: Txoko Onaren oroigarriena, Basque Museum-en ipinitakoa; Ahizpak Designs konpainiarena; eta Basque Market-en oroigarriena, tartean.

[Goiko irudietan, ezker eskubi eta goitik behera: jaian parte hartu zuten dantza taldeak (Oinkari eta Herribatza Dantzariak); Oinkariak-eko dantzarien erakustaldia; Morrie Berriochoa eta Dave Lachiondo jaia girotzen euren musikarekin; eta azkenik, igandean egin zen bazkariaren irudi bat (argazkiak TxokoOna)]


Lotura interesgarriak

Txoko Ona Basque Club, Homedale, ID
www.txokoona.org

Txoko Ona dedicates new Basque Center
En www.idahopress.com

Homedale Basque Clubeko egoitzaren inaugurazioa
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia