euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ibone Belausteguigoitiak 17 urterekin tranpolin jauzilari bezala hasitako ibilbidea ez du eten 79rekin

2009/07/27

Ibone Belausteguigoitia bere dominak erakusten (argazkia Francisco Constantino)
Ibone Belausteguigoitia bere dominak erakusten (argazkia Francisco Constantino)

PUBLIZITATEA

Ibone Belausteguigoitia 1930eko maiatzaren 23an jaio zen, Bilbon. Urtebete zuela, familia Mexikora etorri zen bizitzera eta bertan jarraitzen du. 17 urterekin, tranpolin jauziak egiten hasi eta oraindik horretan lehiatzen jarraitzen du nahiz eta dagoeneko 79 urte beteak izan. Bere ibilbidean 300 domina inguru lortu ditu, ezbairik gabe egungo kirolari askok lortu nahi luketen marka.

Mexiko Hiria, Mexiko. Ibone Belausteguigoitiak urte bete zuela etorri zen familiarekin Mexikora. Torreonen amak zenbait propietate zituen eta bertan bolada bateko egonaldia egitea zen gurasoen asmoa. Mexikon zeudela, Espainiako Gerra Zibila lehertu zen eta Belausteguigoitiatarrak Mexiko Hirian geratu ziren betiko. Ibonek egun 79 urte ditu eta herrialdeko kirolari hoberenetariko bat da. Tranpolin jauzilari bezala 300 domina baino gehiago lortu ditu eta egun munduan zehar antolatzen diren beteranoentzako kirol lehiaketetan parte hartzen du.

Familian denak kirolariak izan direla azaltzen dio Ibonek Jorge Carricart kazetariari TVNotas-México aldizkarian argitara eman eta geroztik VascosMexico.com webguneak islatu duen elkarrizketan. Iboneren aita futbol jokalaria izan zen Bilboko Athletic eta Olympique de Marsella taldeetan eta zaletasun hori bere seme-alaba guztiek jaso zuten. Ibone 17 urterekin tranpolin jauzilari izan nahi zuela konturatu zen etxeko igerilekuan jarritako tranpolin txiki bati esker. Horrela modalitate honetako teknika ikasteko asmoz, 'Deportivo Chapultepec' igeriketa taldean hasi zen.  'Garai hartako txapelketetan ariketak oso sinpleak ziren, jauzilari bakoitzak derrigorrezko bost salto egin behar zituen buelta bat eta erdikoak eta beste bost estilo librean. Gerora arauak aldatzen joan ziren eta jauzilariok geroz eta salto konplexuagoak egiten hasi ginen'.

Hasieran Ibonek ez zuen kirolaren munduan ibilbide profesionala egin nahi eta horregatik irakasle eta enpresa ikasketak burutu zituen. Hala ere, lehiaketa garrantzitsuak iristen joan ziren eta 1948. urtean, Londresen egindako Joko Olinpikoetan parte hartu zuen. 'Londresen ez nuen emaitza onik lortu, 4 metroko sakonera zuen igerileku batean ibiltzea ohituta nengoen eta bertan 3 metrokoarekin aurkitu nintzen, salto egitean, hondoa jo eta eskumuturra hautsi nuen'. Olinpiaden ostean beste bi urtez lehen mailako txapelketetan parte hartu ostean, 1950ean uztea erabaki zuen 'nire bizitzan beste gauza batzuk egin nahi nituen baina nire denbora librean saltoak praktikatzen jarraitu nuen noski'.

55 urterekin lehiara buelta

50 urte betetzean Ibon berriz ere lehiaketetara bueltatu zen eta igerilekuan gaztetan ezagututako Germanekin topo egin zuen. 'Urteak ikusi gabe eta berriz ere topo egitean maitemindu eta ezkondu ginen'. 79 urterekin oraindik munduan zehar 55 urtetik gorakoentzat antolatzen diren erakustaldi eta txapelketetan parte hartzen du Ibonek. Bere elikadura bereziki zaintzen du eta astelehenetik ostiralera, hutsik egin gabe, igerilekura joaten da bere saltoak egitera. Gutxienez egunean 45 minutuz.

Bere zaletasunari esker herrialde asko ezagutu ditu, hala nola Espainia, Frantzia, Estatu Batuak eta Errusia besteak beste. Mexikon Salón de la Fama delakoan dago bere izena, lortutako garaipenengatik. Ibilbide luze honetan oztopoak izan dira ere, batez ere lesioak: 'bitan sudurra puskatu dut, eskua beste behin eta baita sahiets bat ere', baina hauek gaindituta beti bueltatu izan da igerilekura. Osasuna duen bitartean lehiatzen jarraitzeko asmoa du. Kirolarenganako maitasun eta zaletasunaren eredu da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia